2016/09/19
Aste honetan aurkeztu dugu Codesyntaxek garatutako azkenengo aplikazioa. "Mendiak" du izena eta Euskal Herriko mendizaleei zuzendutako aplikazioa da. Androiderako prest dagoen aplikazioan Euskal Herriko 1.500 gailur nagusien informazioa biltzen da, eta aplikazioari esker, mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere.

Euskal Herriko mendizaleentzat aplikazioa

MENDIAK, Euskal Herriko mendizaleentzat aplikazioa da. Mendizale arrunt eta familientzat pentsatutako aplikazioa. APP erabilterraza, mendiaren alderdi ludikoena eta aisialdikoa bultzatu nahi dituena, bide batez, mendizaletasuna bera ere bultzatuz edo zirikatuz.

Bere ezaugarri eta helburu nagusiak hauexek dira:

  1. Euskal Herriko mendi nagusien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa ematea: kokapena, altimetria, argazkiak, mapak, eta abar. Une honetan 1500 mendiren informazioa aurkituko duzu.
  2. Igotako mendiak markatu eta gordetzeko aukera ematea.
  3. Aplikazioak estatistika pertsonalak ematen dizkio erabiltzaileari (zeintzu mendi igo dituen, noiz, zenbat aldiz,...). Horrela, aplikazioa, nor berarentzat datu-base eta katalogo pertsonal modukoa ere izango da.

Euskaraz dago eta Androiderako dago garatuta. Play Storen jaitsi dezakezu.

  Get it on Google Play

Kontsultatu Euskal Herriko mendien katalogoa eta gorde zure mendi-igoera guztiak

Codesyntaxek garatu duen Euskal Herriko mendien aplikazioa, euskal mendizale guztiengan dago pentsatuta, txiki zein handi. Are gehiago, mendigoizale eta kirolari handientzat baino gehiago, familia eta zaletu ororentzat dago pentsatu eta diseinatuta.

Aplikazio xume eta erabilterraza da. Nahita bilatu da xumetasun hori, edonork erabili ahal dezan, eta bere funtzio nagusiak betetzeko erraztasuna bilatuz. Mendian badira mendiarekin zerikusia duten beste zenbait aplikazioa (entrenatzeko, mendi-lasterketen berri ematen dutenak, trackak partekatu eta jaistekoak,...). Orain aurkezten dugun honen helburua, aldiz, beste bat da. Aplikazio arin, samur eta intuitibo bat sortzea, non edozein erabiltzaile "arruntek" bere mendi-igoerak igo eta gorde ditzakeen. Esan bezala, helburu nagusiak bi dira:

  • Euskal Herriko mendi nagusien katalogoa eskaintzea mendizaleei (mendien izenak, mendilerroak, kokapena, garaiera, argazkiak,...).
  • Mendizaleen igoerak markatzeko aukera ematea. Zein mendi igo ditugun, noiz eta zenbat aldiz.

Horrekin batera, erabiltzaileek argazkiak igo ahalko dituzte eta baita mendiak puntuatu ere. Informazio guztia aplikazioan artxibatuta geratzen da, eta horrela erabiltzaile bakoitzak bere mendi-ibileren informazio guztia sakelekoan gordeta izango du. Bere mendi-igoeren historial pertsonala eta estatistikak gure telefonoan artxibatuta izango ditugu.

Erabiltzaileek informazio guztia partekatzeko aukera erraza ere izango dute: mendi-igoerak eta argazkiak ez eze, baita mendien fitxak, estatistika pertsonalak, mapak, azken igoerak, eta abar.

"Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa "Mendiak", Euskal Herriko mendien aplikazioa

 

Azken batean, aplikazioaren asmoetako bat da, erabiltzaileen artean mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea.

Aplikazioa euskaraz dago eta Android sistema eragilearentzat garatu da. Doan da eta ez du erregistro berezirik behar (norbere Android profilarekin sartzen da aplikaziora). 2016ko apirilean hasi genuen aplikazioaren garapena eta azken asteotan sarean egon da test fasean, zenbait erabiltzailek probatu eta testeatu zezaten. Hemendik aurrera, hortxe dago euskal mendizale guztien eskura. Hemen jaitsi dezakezu.

  Get it on Google Play

Iturriak eta kredituak

Aplikazio hau garatzeko hainbat iturri arakatu eta erabili dira.

  • Zerrenda gehienak eta informazio nagusia euskarazko Wikipediatik jaso dira, eta baita Euskal Herriko Mendi Federazioaren zerrendetatik eta OSM mapetatik ere.
  • Ahal izan den kasu guztietan, mendiaren izena zehazteko orduan, Euskaltzaindiak hartutako erabakiak jarraitu dira (dagoeneko erabakita dituen mendi izenen kasuan, behintzat). Euskaltzaindiaren toponimia ofiziala jarraitu da, hortaz.
  • Herrien eta probintzien datuak automatikoki ekarri dira Googleren APIa erabiliz. Mendi bakoitza zein herritan dagoen kokatuta, beraz, gutxi gora-beherakoa da (Googlek ematen duena). Kasu batzuetan, herriaren ordez eskualdea zehaztu digu API horrek.
  • Mapak sortzeko GoogleMaps zerbitzua erabili dugu.
  • Oinarrizko argazki-bildumak Panoramiotik ekarri dira, automatikoki API bidez.
  • Informazioa osatzeko (mendilerroak, garaierak, eta abar), goian aipatutako zerbitzuez gain, Euskal Herriko mendien inguruko informazioa eskaintzen duten webguneak kontsultatu ditugu, bereziki informazio zabalena jasotzen duten Mendikat, Luberri eta Wikiloc.
  • Aplikazioaren lelo bezala erabili dugun esaldia, "Han goitik itsasoa ikusten da", Julen Gabiriaren izen bereko eleberritik hartu dugu. Mila esker Julen, liburu eder horren izenburua gure lelo eta lema bihurtzearren.

Kasu guztietan, eskuzko lana ere egon da, zerrenda eta datu guztiak zuzendu eta atontzeko. Akatsen bat aurkitzen baduzu, mendiren bat gehitu nahiko bazenu, edo beste edozein iradokizun baduzu guri egiteko, pozarren jasoko genuke zure berri. Twitterren aurkituko gaituzu, edo idatziguzu mezu bat: mendiak@codesyntax.com.

Egiletza eta laguntzaileak

Mendiak Aplikazioa Codesyntax enpresaren lana da. Anartz Mujika eta Mikel Larreategi arduratu dira alderdi teknikoaz; Zaloa Etxaniz diseinuaz. Telefonoko aplikazioa Androiden garatu da. Backend edo zerbitzariko aplikazioa Django eta Pythonen garatu da eta datu-baserako MySQL erabili da.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Hizkutza Politikarako Sailaren diru-laguntza jaso du:

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek