Odoo Experience 2019aren kronika

2019/10/18
Aurten lehenengo aldiz CodeSyntaxetik Odoo Experience 2019an izan gara Louvain la Neuve, Belgikan, Urriaren 2tik 4ra. Odoo kode askeko ERP bat da, Python-en garatua. Luzaroan darama merkatuan bere tokia aurkitzen saiatzen baina azken urteetan bizkor hazten dabil.

CodeSyntaxen berriak gara oraindik ERPen munduan baina baditugu jadanik zenbait proiektu Odoo erabiliz garatuak, horregatik aurten Belgikara bidaiatu dut horrela nire formazioarekin jarraitzeko eta baita zer berri dagoen ikusteko ere.

Esperientziari ahalik eta zuku gehien ateratzeko Odoo Experience-aren aurreko egunetan zenbait Smartclass egon ziren non gaiak sakonago jorratzeko aukera zegoen: Odooren garapena Odoo.sh plataforman, Odooren JS Frameworka, kontabilitatea aurreratua Odoorekin, IoT eta Odoo, etab.

Stanislas Sobieskik (Odooko garatzaileen taldekoa) ematen zuen klasean izan nintzen ni: odoo.sh plataformaren bitartez nola egin garapen berriak Odoon. Odoo.sh lainoan dagoen plataforma da non garapenak eta despliegeak egin daitezken. Plataforma honek Enterprise ediziorako balio du soilik baina nahiz eta guk Community edizioarekin lan egin, kodea eta lan egiteko modua berdinak dira. Stanislasekin garapenak modu efizientean egiten ikasi genuen eta batez ere herentziak Odoon ondo ulertzen (moduluentzako eta bistentzako ere). Pazientzia handia izan zuen baita ere nik etxetik eraman nituen zalantza guztiei erantzuteko ;-)

Bi klase egunak eta gero konferentzia hasi zen. Egia da nire lehenengo aldia zela baina han elkartu ginen jendetzak harrituta laga ninduen. Egon naizen tankerako ebentu guztietan jendetsuena izan da hau: 8 track paraleloan, dozenaka stand enpresa eta kolaboratzaileentzako… eta denak jendez gainezka.

Egun guztietako ebentu nagusia asteazkeneko Keynotea izan zen, Odooren sortzaile eta CEO del Fabien Pinckaers-en eskutik. Bertan Odoo 13 berria kaleratzearekin batera (Enterprise eta Community edizioetan) bere berrikuntza eta hobekuntza nagusienetaz aritu zen. Aula Magna topera zegoen eta niretzako, lehengo aldiz han, Steve Jobs-ek produktu berrien aurkezpenean ematen zituen aurkezpenen antza handia zuen. Detaile txikiena ere zainduta. Eta Fabien tamainan egon zen.

Nahiz eta hobekuntza asko ordainpeko bertsioan izango diren nabermenago, bilaketa filtroek asko hobetu dute, edukien edizioa erosoagoa da, modulu ezberdinen arteko erlazioa handiagoa da eta estetikoki ere oraindik eta itxura txukunagoa dauka.

Bi perfil ezberdinetako jendea geunden han: gestioan, kontsultorian eta kontabilitatean interesa zutenak (gehiengoa) eta nire moduan Odoo-ren alderdi teknikoan interesa genuenak. Alderdi horretatik hitzaldiak apur bat motz gelditu zitzaizkidan gai gehienak kudeaketara zuzenduta zeudelako eta ez Odoo-ren “tripetara”. Hala ere, beti zegoen track-en batean teknikoa zen hitzaldiren bat eta ikasteko zerbait.

Hitzaldien iraupena 20 minutukoa zen eta denbora horretan gai teknikoetan sakontzea ia-ia ezinezkoa bada ere, zenbait ezagutza berrirekin etorri nintzen etxera: modulu berri bat zerotik garatu eta besteekin integratzeko modu egokiena, Frameworkaren ezagutza sakonagoa, garapen berriak Frontend-arekin ondo konpontzeko bideak eta baita garapen berrien eskalabilitatearen inguruko zenbait zertzelada, besteak beste. 

Egun batzuk pasatzea Odooren inguruko berriak zuzenean jasotzen eta baita beste pertsona eta erakundeak ezagutzen, batzuen errealitateak oso gertuko eta besteenak oso urruti baditugu ere, oso aberasgarria iruditu zait eta uste dut gure lehen Odoo Experience-ak merezi izan duela!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Nagore Ruiz de Escudero

Plone, WordPress, tokatzen dena. Esku-poltso bilduma aipagarri baten jabea.