PyConEs 2018

2018/10/08
Beste urtebetez PyConEs jardunaldietan egon gara, babesle eta entzule moduan. Jardunaldi hau Espainia mailako Python konferentzia handiena da. Tailer eta hitzaldiz osatutako hiru egun izan dira, betiere Python edo bere erabilpen inguruko gaiekin.
PyconES 2018

PyconES 2018

Urtez urte aldatzen doa jardunaldia burutzen den hiria, eta 2018koa Malagan izan da.

Jardunaldia ostiralean hasi zen tailerrekin. Goiz atera ginen Bilbotik tailer hauetan interesa geneukalako. Bereziki interesgarria iruditu zitzaigun TDD metodologiari buruzko tailerra. Tailer hauen formatua oso egokia da, gauzak frogatu eta hizlari edo beste partaideekin hitz egiteko. Ohiko hitzaldiak baino iraupen luzeagoa izaten dute eta ikuspuntu praktiko batetik prestatzen dira.

Jardunaldiaren hasiera 'ofiziala' larunbatean izan zen. Ohiko aurkezpen, txistetxo eta jardunaldiari buruzko informazio orokorrarekin. Ondoren sarrera keynote-a izan zen, Hector Socas-Navarro fisikariaren eskutik. Sarrera keynotea fisikari batek ematea ez da kasualitatea, izan ere Python indar handia hartzen ari da zientzialarien artean beraien ikerketetan erabiltzeko tresna gisa. Tendentzia hau, jardunaldiko hitzaldietan ere ikusi zen, hiru track paralelo ziren, eta esango nuke hiruretako batean beti zegoela zientziarekin loturaren bat zuen hitzaldiren bat.

Zientziaz gain (edo honekin lotuta, mugak ez dira batere argiak), Machine Learning edo Adimen Artifiziala bezalako eremuak ere oso pisu handia izan zuten jardunaldian. Badirudi Python ekosistema ondo posizionatuta dagoela eremu hauetan ere.

Esan beharrik ez, Python berataz ere oso hitzaldi interesgarriak egon zirela, nola Jesus Cea Aviónen GIL_ari buruzkoa (arazo tekniko guztien gainetik, hitzaldi ederra eman zuen), list() datu motaren barne inplementazioaz Mai Giménez-ek emandakoa , edo lengoaiaren interpretearen gramatikak nola funtzionatzen duen azalduz Pablo Galindo-k emandakoa. Hitzaldi hauek ikaragarri ederrak dira egunero erabiltzen dugun tresnak nola funtzionatzen duen hobeto ulertzeko.

Gauza kuriosoak, inplementazio eta erabilpen konkretuak azaltzen emandako hitzaldiak ere aipatzea gustatuko litzaidake. Hitzaldi hauetan zure egunerokotasunetik irten eta gauza berri eta interesgarriak ikusteko aukera dagoelako. Agian ez dituzu inoiz erabiliko, baina existitzen direla jakiteak merezi du.

Hitzaldi guztiak bideoz grabatu ziren eta ikusgarri egongo dira  Autentiaren youtubeko kanalean.

Antolakuntzari eskerrak ematea baino ez zait geratzen, lan guzti hau bolondresek antolatzen dute neurri handi batean, beraien denbora eta gogoa jarriz. Seguru guztiak ez duela beraiek nahi izango luketen bezala irten, baina esker ona besterik ez daukagu lan hori gogoz hartzearren.

Datorren urtean Alacanten berriro ikusteko gogoz!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Aitzol Naberan

Django garatzailea. Umore fina dauka (Ondarroako estandarretarako)