2016/10/03
Urtero bezala, irailaren bukaeran PySS jardunaldia antolatzen du Python Donostia elkarteak EHUren Donostiako egoitzan, eta hantxe izan gara Ansible-ren gure erabilpena erakusten.

Programa ikusita mundu zientifikoari zuzendutako konferentzia zirudien arren python lengoaiari buruz gure inguruan antolatzen den konferentzia bakarra izanik, egon beharreko leku bat dela deritzogu. 

Hitzaldi zientifikoei dagokienez, hainbat arlotako gaiak jorratu ziren bertan, ez dut gehiago sakonduko, nahiko galduta sentitzen baitut nire burua horrelako gaietan :)

Larunbat arratsaldean Ansible to rule the world izenburupean azken hilabetetoan gure zerbitzarien kudeaketa egiteko erabiltzen hasi garen Ansible tresnaren ingurukoak aurkeztu nituen. Pythonen idatzitako tresna honi esker, era erraz eta azkar batean gure zerbitzari berrian prestatu, martxan ditugunen konfigurazioak aldatu eta beste mila gauza egin daitezke. Gero eta gehiago erabiliko dugu, ziur naiz, eta helburua aplikazioak martxan jartzeko orduan azkartasuna lortzea da.

Larunbateko lightning talk edo hitzaldi azkarren artean, uztailean EuroPythonen aurkeztutako EITB Nahieranen APIaren ingurukoak azaldu nituen, APIa nola egin dudan eta zergatik den beharrezkoa azalduz.

Igandean segurtasunari buruzko hitzaldi bat izan genuen, eta bertan pythonek mundu interesgarri horretan gero eta gehiago duen presentzia eta garrantziaz jardun zen Counter Craft-eko David Barroso. Gabi Maeztuk ere grafo erako datu-baseen inguruko hitzaldi interesgarria eman zuen, batez ere ondorengo datu-bilaketarako optimizatutako datu-baseekin berak izandako esperientzia kontatuz.

Beste urtebetez konferentzia interesgarria antolatu dute Python Donostiako kideek. Datorren urtean ere bertan izango gara.

Aurten ere PySS 2016 babesten izan da CodeSyntax.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek