PySS 2018n izan gara Donostian

2018/10/15
Urriaren 12tik 14rako asteburuan PySS konferentziaren 2018ko edizioa, bosgarrena, antolatu dute Donostian, Kursaalean, eta han izan gara entzule eta hizlari gisa. Han gertatutakoaren laburpen bat jarraian.

Beste urtebetez python lengoaiari buruzko PySS konferentzia antolatu dute, bosgarren urtez oraingoan, Donostian. Ostiraleko scikit-learn-i buruzko hasiera-ikastaroaren ondoren, larunbat eta igandean hitzaldiak izan ziren.

Larunbat goizean, Granadan bizi den Francesco Pierfederici italiarriak python pixkat erabiliz online garagardoak erosteko denden artean kalitate/prezio oneneko garagardoak non aurkitu erakutsi zigun. Mariano Anayak, aldiz, pythonen programa asinkronoak erabiltzerakoan kontuan izan behar ditugunak azaldu zituen koerrutinen inguruko bere hitzaldian. 

Bazkalostean nire txanda izan zen. Nire hitzaldian azken urteotan Plonek, guk darabilgun Edukiak Kudeatzeko Sistemak, hartu duen bidea azaldu nuen. Bere etorkizunerako bidea REST APIa eta python 3rako migrazioan zentratuz. Nik erabilitako aurkezpena online ikusi dezakezue. Azkenik Alexander Hendorfek Deep Learning eta Machine Learninga ordenagailuari hizkuntza baten hitz egiten erakusteko nola erabili daitekeen erakutsi zigun.

Igande goizean, pythonen 3.7 bertsioaren berritasunak erakutsi zizkigun Stephan Wirtelek, Alex Saviok Hug erabiliz APIak nola egin, eta Timo Kunzek Catawiki webguneko produktuen ordenazioan Integer Programmation teknikak erabiliz nola egin duten azaldu zigun. Benetan interesgarria iruditu zitzaidan hau, batez ere hain gauza espezifikoan (enkanteak egiten dituen enpresa baten webgunean), datuen ordenazioak duen garrantziari buruz eta ordenazio hori nola automatizatu daitekeen (edo ez) azaldu zigulako. 

Bazkalostean Telegram botei buruzko hitzaldi bat eman zuen Igor Martinek eta Oliver Griselek scikit-learn-i buruzkoa.

Laburbilduz, python 3.7 asko eta machine-learning asko ikusi dugu aurtengo PySS honetan. Baina guztiz interesgarria izan da bertan ikusitakoa, eta gainera jendea zertan dabilen jakiteko balio digu, gure egunerokotik irten eta ideia berriak edukitzeko.

Datorren urtean elkar ikusiko dugu berriz, jada hasi baitira pentsatzen noiz izango den PySS 2019. Eskerrik asko antolatzaileei, bereziki Oier, Alex eta Borjari!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Larreategi

Plone garatzailea. Nazioarteko Xake Epailea #truestory