Tumatxa, itzulpen-memoria kudeatzeko tresna

2004/01/16
Tumatxak itzultzailearen lana erraztea du helburu. Itzulpen-memoriak eta haiek sortzeko programak hedatzen ari dira profesionalen artean eta erakundeetan. Baina memoria horiek partekatzeko moduak murritzak dira. Oztopo horiek gainditzeko balio du Tumatxak , eta benetan taldean memoriak, terminologia eta itzulpenak elkartrukatzeko modua eskaintzen du. Gainera, sare edo elkarlan talde batean, programa espefizikorik izan gabe ere memoriak kontsultatzeko modua ematen du, bilaketak online eginez terminologia-aukerak esku eskura utziz. Tumatxa.com webgunean eskuratu daiteke, eta demoak probatu ere bai.

Zer dira itzulpen-memoriak?

Zer dira itzulpen-memoriak?

Itzulpen memoriak dira itzulpen memoria sistema edo tresna informatikoetan erabiltzeko fitxategiak. Ideia oso erraza da: testu bateko unitateak (esaldiak) jatorrizko hizkuntzan eta xede hizkuntzan parekatu eta gorde egiten dira. Horrela, sistemak jatorrizko unitate berdin edo antzekoa aurkitzen duenean, harekin parekatuta daukan itzulpena proposatuko du.

Itzulpen memoria sistema ezagunak dira, besteak beste: Trados, Déjàvu, Wordfast, Transit, edo Translat. Horien artean memoria edo datuak trukatzeko estandarrari TMX deritzo. Estandar hori eta beste formatu batzuk ezagutzen ditu Tumatxak.

Ezaugarriak

Tumatxa itzulpen-korpusen biltegi eta kudeatzailea da. TMX fitxategiak kudeatzen ditu. Itzulpen memorien trukerako formatu estandarra da TMX, eta itzulpen memoriako software ezagunek (Dejavu, Trados, Wordfast) ezagutzen dute, bai inportazio zein esportazioetan. Ez bakarrik fitxategiak gorde eta kudeatzen ahal dira Tumatxarekin. Bilaketa gaitasun indartsua du Tumatxak, fitxategiek gordetzen dituzten sorburu-hizkuntzako eta xede-hizkuntzako segmentuetan. Horrela, online kontsulta daitekeen adibideen hiztegia bihurtzen da Tumatxa, itzulitakoak beti kontestuan eskainiz. TMX memoriez gain, .po fitxategien formatua ere badarabil. Software lokalizazioan erabiltzen da formatu hori.

Izena

Tumatxa euskal argotezko berba, Antton Olariagak edo Zakilixutek asmatu zuen, ez dakigu zehatz nork. Ingelesezko too much esamoldetik eratorria da, eta garai batean gaztelaniaz demasiao esaten zen hura adierazten du. Gaur egunean, inork ez du demasiao esaten gaztelaniaz, akaso qué pasada! edo horrelako zerbait. TuMatXa hitzean TMX estandarraren siglak ere irakurtzen ahal dira.

 

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.