Twitterreko kontuen %75 hilda dago

2013/05/09
Twitterrek emandako datuen arabera, dagoeneko 500 milioi kontu baino gehiago dauzka txoritxoaren sareak. Baina egia ote? Horietako zenbat daude benetan bizirik? Estatistika guztien arabera, erdia baino dexente gutxiago.

Euskal Herrian ere hizpide izan dugu egunotan tuiterlarien gaia. Umapen bertan egin genuen galdera: zenbat euskal tuiterlari gara? Erantzun ere egin genuen, 6000 inguru garela esanez. Gutxitxo ez ote den ere galdezka aritu ziren (arrazoiz) @inakilarra eta @pellourzelai. Izan ere, Berriak 16.000 jarraitzaile baino gehiago izanda, nola liteke euskal tuiterlariak 5000-6000 bakarrik izatea? Nola liteke?

Umapen idatzitakoak gure egiten ditugu, noski. Gure ustez, bai Umapen bertan, zein Codesyntaxen egiten ditugun beste proiektu batzuetan oinarrituta, erabiltzaile teorikoen eta "benetakoen" (aktiboen) arteko aldea handia baita. Euskal tuiterlarien artean konprobatu dugu, baina badirudi mundu osoko datuak ere bat datozela.

Kontu arrunta ere bada Interneteko aplikazioetan. Zuk zeuk ere, irakurle, egingo zenuen sarri: aplikazio bat interesgarria dela entzun, kontua ireki, probatu... eta ahaztu. Eta zer gertatzen da Twitterren? Bada, datu guztien arabera, Twitterren ere konturik gehienak hilda (edo, demagun, lokartuta) daudela.

Txoritxoaren enpresak berak orain gutxi eman zituen datuen arabera, bere kontuen %40 inguru dago bizirik (500 milioi kontutik 200 milioi). Kanpoko analistek egindako laburpenen arabera (ziurrenik sinesgarriagoak), kopuru hori are txikiagoa da. %30 inguru Mediabistroren arabera, %25 inguru Technocrunchen arabera, eta %20 inguru Statisticbrainen arabera. "Inaktibotasuna" nola neurtzen den, hortxe egon daiteke batetik besterako aldea.

Euskal Herrian ere hortxe ibiliko gara: Twitterreko kontuen %20-30 bitartean egongo dira benetan "bizirik" (ikus beste herrialde batzuetako datuak). Kontuan izan, Twitterren irekitzen diren kontuen %40 inguruak ez duela sekula tuit bakar bat ere idazten. Ezta bakarra ere! Beste horrenbestek ez du idatzi azkenengo hilabeteetan. Hau da, ez da erabiltzaile "aktiboa" (horrelaxe izendatzen ditugu Umapen azken 3 hilabeteetan ezer idatzi ez dutenak).

Guztion bihoztxoek sufrituko dute: gure jarraitzaileen ehuneko handi-handi batek ez digu benetan jarraitzen. Halaxe da, bai.

 

Grafika: Mediabistro (2012ko datuak izan arren, grafika adierazgarria)

Twitter estatistikak 2012Twitterrek emandako datuen arabera, dagoeneko 500 milioi kontu baino gehiago dauzka txoritxoaren sareak. Baina egia ote? Horietako zenbat daude benetan bizirik? Estatistika guztien arabera, erdia baino dexente gutxiago.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Asier Sarasua

Biologoa. Filologoa. 21. mendeko Da Vinci bat