WordCamp Europe 2026: Krakoviatik WordPress-en etorkizunera begira
Aurtengo kongresuko protagonista nagusia, dudarik gabe, duela aste gutxi batzuk kaleratu zen WordPress 7.0 bertsio berria izan da. Kongresua toki aproposena izan da bertsio honek dakartzan aldaketa handiak aurkeztu eta bertatik bertara aztertzeko.
Ice Krakow Congree-eko areto desberdinetatik ibili ginen gure eguneroko lanetan aplikatu ditzakegun tresnak eta teknika berriak ikasten. Aurten komunitatearen hitz eta ezagutzekin aberasteko aukera izan dugu, batez ere hurrengo gaietan:
CERN eta WordPress: Webaren sorlekuak Wordpress aukeratu du
Hasierako hitzaldi nagusia CERN-eko (Ikerketa Nuklearrerako Europako Laborategia) webguneen azpiegituraren arduradunen eskutik etorri zen. Bertan azaldu ziguten nola iaz erabaki zuten WordPress izango zela CERN-en webgune guztiak kudeatzeko sistema (CMSa).
Zergatik da hau albiste handia? Kontuan izanda CERN-en garrantzia, eta duela 30 urte baino gehiago internet bera bertan jaio zela, babes hau pozgarria da oso. Beren gune guztien migrazio prozesuak luzeak izan dira, baina jadanik azken txanpan daude. Honek argi erakusten du WordPress zein boteretsua, eskalagarria eta segurua den.
Wordpress 7.0 eta Adimen Artiziala (AA): Elkarren eskutik aurrera
Hitzaldi gehienek, modu baten edo bestean, WordPress 7.0-ren ezaugarri berriak eta Adimen Artiziala jorratu zituzten. Izan ere, hori da azken bertsioaren berrikuntza nagusia:
- AA integratua (Bezero natiboa eta konektoreak): Hemendik aurrera, WordPress-ek barne-konexio zuzena izango du merkatuko Adimen Artifizial ezberdinekin (Gemini, Anthropic, OpenAI...). Horrek esan nahi du etorkizunean errazagoa izango dela testuak idazten laguntzea edo irudiak sortzea webgunearen barrutik bertatik, kanpoko tresnetara jo gabe.
- API funtzionalitate berriak (Gehigarrien arteko lotura): Hitz tekniko honen atzean abantaila praktiko bat dago: webguneko gehigarriek (pluginek) hobeto "hitz egingo" dute beren artean eta Adimen Artifizialarekin. Horrela, funtzio berriak askoz modu garbi, seguru eta egonkorragoan integratuko dira.
Garapena eta optimizazioa: Gure eguneroko lana hobetzen
Hitzaldiez gain, ikastaro praktikoak ere egon ziren. Bertan, pluginak modu optimizatuan garatzeko eta kodearen aldetik AAri etekin handiena ateratzeko teknikak aztertu genituen, beste askoren artean. Guretzat funtsezkoa da saio hauetan egotea, bertan ikasitakoari esker webgune azkarrago, seguruago eta azken finean hobeak egin ditzakegulako.
Laburbilduz, Krakoviatik indarberrituta eta ideiaz beteta itzuli gara, teknologia hauen guztien abantailak gure proiektuetan aplikatzeko gogoz. Gainera, datorren urtean gertuago izango dugu konferentzia. WordCamp Europe 2027 Malagan izango da. Ikusiko dugu ordurako zein berrirekin datorkigun komunitatea.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
OpenLLM Basque Day 2026
2026/06/19
Xiba, joko eta app berria
2026/05/22