2014/12/09
Duela aste pare bat mahainguru batean izan nintzen Azpeitian, Uztarria aldizkariaren 15. urteurrena dela eta. Hedabide euskaldunek beraien komunitatearekin bat egiteko planteatu dituzten estrategiez jardun nuen bertan (besteak beste), eta puntu horretaz zertxobait luzatu nahi nuke jarduna, aprobetxatuz gainean dugula beste jardunaldi interesgarri bat: Gertuko komunikabideen 2. jardunaldia; bihar asteazkena, hilak 10, Aretxabaletan.

Uztarriaren mahainguruaren gidoia hemen argitaratu nuen. Kronika bat, zenbait aipurekin, Uztarriak berak kaleratu zuen, baita mahainguruaren bideo osoa ere.

Mahainguru hartan azaldutako puntu bat azpimarratu eta gogoratu nahi dut artikulu honetan.

Argiak eta Berriak beraien komunikazio proiektuen iraupenerako antzeko estrategiak abiatu dituzte. Biek logika onarekin, gainera. Internet zein paperezko euskarrietan informazio kalitatezkoa egiteko saioetan ari dira, eta biek laguntzaileen figura sustatu dute, Argia Laguntzaileak eta Berrialagunak.

Hedabide-lagunak

Proiektuen lagunek, diru baten truke komunikazio proiektu nazional bat bultzatzen dute. Ez da harpidetza bat, funtzio sozial eta (nire ustez) nazional baten aldeko bultzada kontziente bat baizik. Ondo egin dute bi taldeek hortik jotzen: zentzu osoa du. Hala ere, kritika txikitxo bat gehitu nuen, edo hobekuntzarako iradokizuna. Eta zera da: Badirudiela hedabide-lagun talde hauek medio bakoitzeko Sustapen atalaren adarrak direla. Kontsumitzaile klub bat edo harpidetza posibleak kudeatzeko datubase bat balira tratatzen dira, eta logikoa da hori, diru-iturri osagarri batzuen funtzioarekin lotzen delako hori. Hala ere, niri talasoterapia edo ardo kutxak erosteko eskaintzak iristen zaizkidanean, eskertzen ditut, eta aukera politak izaten dira, baina, ez dakit... esango nuke beste zerbait dela hedabide-lagunaren motibazioa: kazetaritza-proiektuaren indartzearekin, eta medioaren funtzio nazional-sozialarekin lotuago ikusten dut. Kontsumo-klub batean sartu banaute, ba bale, aukerak aprobetxatuko ditut, baina nik ez dut izena eman deskontuengatik.

Hortaz, sustapen ataletik atera eta, ez dakit zuzendaritzarekin edo erredakzioarekin, proiektu periodistikoarekin lotuago behar luke egiturak. ElDiario.es-ek egiten du, bazkideentzako komentario-sistema berezituak webgunean, edo eduki batzuetara sarbide aurreratua edo berezitua. Alde honetatik, gehien aprobetxatu daitekeen alorra Internet da, paper banaketan nekez banatuko dituzulako medio-lagunak eta besteak, baina Interneteko eduki kudeaketan, asma daitezke gauzak.

Beste saio batzuek, erredakzio irekiaren ideiarekin eduki dezakete lotura. The Guardian-ek halako egitasmo handi bat badauka, eta Berriak egin omen du (Enekoitz Esnaolak esan zidanez), erredakzio irekiago batzuen aldeko saiakera pare bat hiriburutan, eta ez da bereziki arrakastatsua edo. Formula konkretu zehatzak zein diren ez dakit, kosturik gehitu gabe proiektua indartzeko balioko duten segurantzia ere ez daukat, eta erredakzioa edo zuzendaritza halako kontuetan inplikatzea marroi handia izan daitekeela ere pentsatzen dut. Hortaz, formula magikoaren ekuazio zehatza ez daukat; errezeloa, beste ezer baino gehiago.

Komunitatearentzako blog plataformak eta edukian parte-hartzeko moduak

Hedabide batek bere hedabide-lagun taldearekin edo komunitate gertukoenarekin bat egiteko beste modu bat, webgunea adierazpen eta informazio-plataforma gisa eskaintzea da. Honetaz ez nuen astirik izan mintzatzeko Uztarriak antolatutako mahainguruan, baina hemen komentario batzuk utzi nahi nituzke.

Alderdi honetan, bereziki aktibo jardun du Argiak eta blog-komunitate majo bat osatu du. Goienak, lehenagotik, badauka halako bat halaber. Berriak ere aspalditik egin ditu saiakerak, baina agian enpeinu gutxiagorekin. Nolanahi ere, hiru kasu horietan hiru medioek errore estrategiko bat egin dutela iruditzen zait: hiru kasuetan, blog plataforma eta komunitatea, hedabidearen CMS nagusitik bereizita daukate Berria, Argiak eta Goienak.

Hedabideak ulertzeko modu baten ondorioa da hau, paperarekin jokatzeko modu nahiko espainol baten ondorioa: hemengo egunkarietan editorial bat edo iritzi bat ezin daiteke portadako gai izan. Era berean, web plataformetan, albisteek eta erredakzioaren lan erredaktatuek izan behar dute preeminentzia beste ezeren gainetik, eta blog komunitate horien edukiak portadarekin lehiatzen ez diren alboko elementuak dira. Blog bateko iritzi jakin batek ezin du Goiena.eus ireki: ezin du, mentalki bereizita dugulako zer den notizia eta zer den albo-elementu bat (blogeko zerbait, kasu  honetan), eta ezin du, bestalde, teknikoki bereizita baditugu CMS nagusia eta blog plataforma.

Uste dut bereizketa horrek ez duela zentzurik, are gutxiago komunitatearen inklusioa eta hedabide-lagunaren figura garrantzitsuagoa bilakatzen den heinean euskarazko hedabideen biziraupen estrategietan. Komunitatearekin bat egin behar badu hedabide batek, konberjentzia tekniko eta editorial ausartagoetan pentsatzeko gomendatuko nieke hedabide euskaldun horien arduradunei. Horrek, bide batez, erantzun bidez parte-hartzeko moduak ere berpentsatzera eraman beharko gintuzke: norberaren benetako komunitatearen 'login' propioaren garrantzia, anonimotasunaren izurritea, eta moderazio-sistemen esternalizazio nire iritziz tristea, hedabidearen estrategia editorial/komunitarioan kontuan hartzeko puntuak iruditzen zaizkit. Eta uste dut hori ere ahaztutzat dagoela, iruzkin bidezko parte-hartzea jaramonik egiten ez zaion kontua dela.

Tokiko hedabideen "balio soziala" aztergai izango dugu, bestalde, Gertuko komunikabideen 2. #Gertukom jardunaldian, bihar Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako kanpusean. Ez dakit "balio sozialaren" kontu hori komunitatearen parte-hartze aukerekin nola uztartzen den (printzipioz, ematen du baietz, nolabait), baina tira, akaso honetaz ere hausnartuko dugu biharkoan.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek