free web hit counter
2026/07/28
Tagzania joko-aplikazioak 2025eko abendutik Wikimedia Commons-eko argazkiekin funtzionatzen du, Wikipediako irudi biltegikoekin. Baina aldi berean funtzionalitate bat izan du Tagzaniak erabiltzaileek beren tokiak argazkiekin proposatzeko, irudi horiei lizentzia librea esleituz. Orain, irudi horiek Commonsera igotzen hasi gara, Wikipediari mesedea itzuliz. Oraingoz 4.000 irudi geokokatu, eta gehitzen.

Duela hilabete batzuk Tagzania aplikazioa berrituta atera zuenean CodeSyntaxek, eduki librearekin hornitu genuen, batetik kartografia librea (OpenStreetMap euskarazko kartografiarekin) eta bestetik. Wikimedia Commonseko argazki geokokatuak. Osagai horiekin dabil jokoaren mekanika, argazkietan identifikatzen saiatu tokia, eta mapan kokatu. Hortaz, jokoa hornitu genuen Wikipediako edukiarekin, baina orain mesedea itzuli diogu entziklopedia libreari: jokalariek Tagzaniaren bidez proposatzen dituzten tokien argazkiak Wikipedian kargatu ditugu. Oraingoz 4.000 argazki dira, eta jokoa martxan den bitartean, ekarpenak gehitzen jarraituko dugu.

Abenduan jokoa berriz abiatu eta gutxira funtzioa gehitu genion aplikazioari jokalariek beraiek tokiak proposatu zitzaten, toki jakin batetik in-situ lau argazki geokokatu igoz egin dezaketena. Hori baimentzeko urratsetan, erabiltzaileek CC-BY-SA 4.0 lizentzia onartzen dute esplizituki, eta baldintzetan zehazten da gainera Wikipediara igoko dela edukia. 

2025eko abendutik beraz, ekarpen horiek gertatu izan dira, eta azkenean promesa ("edukia Wikipediara!") bete ahal izan dugu. Urrats tekniko zenbait egin behar izan dira, bot bat prestatzeko, eta uztailean buruturik egiteko hori, aste pare batean edukia kargatu dugu. Une honetan, 4.000 argazki pasatxo. Urtarrila-uztaila tarteko karga batzuk falta dira oraindik, baina hemendik aurrera kopurua igoko da jokoa martxan den bitartean jendearen ekarpenekin.

Tokiak proposatzeko aukera pixkat ezkutuan dago aplikazioan, baina 300 erabiltzailek aurkitu eta baliatu dute. Horietarik gehienak, dozena bat kenduta, aldez aurretik Wikipediara ekarpenik egin ez duten euskaldunak direla uste dugu. 

jokalarien toki proposamen bakoitzarentzat web orri bat sortu da Commonsek eta komunitateak jakin dezan nondik sortu diren irudiak, ez direla xisteratik ateratakoak. Adibidez, erabiltzaile hau Alsaziako herri honetan egon zenekoak, edo Akordakoa, goian ilustraziorako erabili duguna.

Argazkiak launaka kargatu dira beraz, eta 4.000 argazki egoteak esan nahi du 1.000 ekarpen inguru izan direla, gehienak jokoan sartu direlarik (behintzat tarte baterako, errotazioa dago mekanikan, eta ekarpen guztiak berrikusi egiten dira, ez dadin sartu selfirik edo beste gauza desegokirik). Toki horietarik gutxi gora-behera erdiak Euskal Herrian izan dira, eta besteak "munduan".

Mundu hau oso "gertukoa" da, euskal erabiltzaileen ikuspegitik, baina tira, Ushuaian edo Kyoton ere ibili da jendea.

Euskal Herrikoei dagokienez... 

Toki horien artean daude orain arte Wikipedian agerpenik ez duten gauzak, hala nola Antso III.a Handiari monumentua Hondarribian, Neberondo elurzuloa Durangon, Aginaga eta Hoki auzoak Zumarragan eta Sohütan...

Beste toki batzuetan, orria bazen, baina irudirik ez, hala nola Arruitz (Larraun) edo Akorda (Ibarrangelu) auzune edo kontzejuetan.

Argazkiak kargatzen ditugu Wikimedia Commonseko biltegi honetera, bot edo sistema automatizatu baten bidez (horren garapenerako, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko Galder Gonzalezek eman digun laguntza eskertu nahi dugu). Esploratzeko igotakoak, hemen barne bilatzailea baliatu dezakezue eta igual agertuko da zuen herria edo...

Eta Tagzaniaren bidez gauzak kargatu nahi badituzue, jaitsi eta instalatu eta gero, jokoan, tokiak gehitzekoa pixkat ezkutuan dela kontuan izan (behean norberaren profileko eskumako ikonoan klikatu, eta gero TOKIAK fitxa goian).

Laburbilduz:

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek