free web hit counter
2026/07/29
Mendiak APPean eskaintzen ditugun lehiaketa eta erronka txikien artean, beste bat sortu dugu aste honetan. CodeSyntaxek, Euskal Mendizale Federazioak eta Laboral Kutxak izenpetu berri dugun lankidetza-hitzarmenaren emaitzetako bat da.

Joan zen astean iragarri genuen moduan, 2026ko uda honetatik aurrera Mendiak APParen kudeaketa eta garapena Euskal Mendizale Federazioarekin batera egingo dugu. 2016an sortu genuen Mendiak aplikazioa CodeSyntaxen eta harrezkero lan handia egin dugu aplikazioa eguneratuta mantentzeko eta euskal mendizaleei gero eta tresna hobea eskaintzeko. Joan zen astean izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker, are zerbitzu hobe eta osoagoa eskaini ahalko diegu mendizaleei eta Euskal Mendizale Federazioaren aplikazio ofizial ere bilakatuko da, Federatuentzat zerbitzu gehigarriak ere eskainiz.

Hitzarmen berriak dagoeneko eman ditu lehenengo fruituak (diseinu eta egitura berritua, federatuen datu-basearekin lotzeko aukera, eta abar), eta gaurtik aurrera erronka berri bat ere gehitu dugu gure katalogora. Bertan parte hartzeko, federatuta egon beharko da.

Egitasmo berri honetan Laboral Kutxa dugu laguntzaile eta ondorengo erronka proposatu die euskal mendizaleei:  L.A.B.O.R.A.L. hitza osatzen duten hizkiekin hasten diren mendiak igotzea,  L.A.B.O.R.A.L.  osatu arte. Euskal Mendizale Federazioaren katalogoan dauden mendiek bakarrik balioko dute erronka honetarako, hau da, 100 mendien lehiaketarako balio duten 600 gailurrek.

Esate baterako, Larrunarri, Anboto, Baigura, Oiz, Ranero, Akondia eta Larhun igo ditzakegu, edo hizki horiekin hasten diren beste edozein mendi, eta nahi den ordenean.

Salbuespen bakarra R letrarekin egingo dugu: kasu horretan, R hizkia daukan edozein mendik balioko du, R hori edozein posiziotan duela ere (PaRdarri, GanekogoRta, SeRantes...). Horren arrazoia da Euskal Herriko mendien katalogoan oso mendi gutxi direla R hizkiarekin hasten direnak: Ranero (Bizkaian) eta beste bospasei Araba eta Burgosko mugan.

Goiko irudian Ranero mendia, Karrantzan.

Urte amaieran erronka gainditu duten mendizaleen artean Laboral Kutxak sariak banatuko ditu. Esan bezala, erronkan parte hartu eta sariak jaso ahal izateko, federatuta egon beharko da.

Informazio guztia Mendizale Federazioaren webguneko albiste honetan.

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek