2013/03/19
Zure telefonoan herriko informazio praktikoa jasotzeko tresna da zurean.com. Oraingoz 4 zerbitzu eskaintzen ditu: eguraldia, garraio publikoa, mapak eta albisteak.

Zurean.com telefonoetarako pentsatutako zerbitzua da. Sarritan gure telefonoa eskuan geneukala honelako beharra izaten genuen, herri bateko informazio praktikoa modu azkarrean lortzeko beharra. Behar hori betetzeko asmoz jarri genuen martxan eta pixkanaka zerbitzu berriak gehitzeko intentzioa dugu.

Gure enpresaren jardun nagusia tresnak egitean dagoela uste dugu, eta intentzio horrekin saiatu gara lehendik sarean zeuden informazioak moldatu eta modu erabilgarri batean erabiltzaileari aurkezten.

Oraingoz zerbitzu hauek eskaintzen ditugu:

  • Eguraldia: AEMET institutuak emandako prebisioak, herriz-herri.
  • Garraio publikoa: Google Transit-en informaziora sarrera ematen dugu, gure herritik ateratzen diren garraioak kontsultatu ahal izateko.
  • Mapak: OpenStreetMap-en oinarritutako mapa zerbitzua, zauden herriko mapa modu zuzenean ikusi ahal izateko, ahal den neurrian euskaraz.
  • Albisteak: RSS bidez hainbat jatorritatik detektatzen ditugun albisteak eta herriz-herri aurkezten ditugu.

Etorkizunerako beste ideia batzuk ditugu, beti ere erabiltzailearengan pentsatuta ahalik eta tresna praktiko eta azkarrena eginez.

Bisitatu zurean.com zure telefonotik

APP-aren ordez, web aplikazioa:

Zalantzarik gabe iOS edo Android-erako aplikazioak garatzeak azkartasuna eta erosotasuna ekarriko luke, baina uste dugu oraindik aplikazio bat instalatzeak atzera botatzen duela jendea eta horregatik web aplikazioaren aldeko apustua egin dugu. Webgunea telefonoentzat moldatuta dago, HTML5 erabiliz, eta etorkizunean espero dugu estandare honetan oinarrituta beste hainbat aukera garatu ahal izatea.

Erabitzaileen eskaerei entzuteko prest

Aurreko horiek dira oraingoz garatu ditugun zerbitzuak eta baditugu etorkizunerako hainbat aplikazio posible buruan. Baina gustora entzungo dizugu honako edo halako zerbitzua interesgarri litzatekeela iruditzen bazaizu. Modu berean, gaur egun eskaintzen ditugun tresnen erabilera neurtu eta baloratuko dugu hurrengo garapenak bideratzeko asmoz.

Zerbitzua erabiltzean iruditzen bazaizu informazioren bat falta dela (adibidez, zure herriko albistegia ez dugula detektatu), esaiguzu eta ahal den lasterren konpontzen saiatuko gara.

Gure gomendioa da webgunea zure telefonoaren gogokoenen artean gordetzea eta honela zure herriko informaziora sarrera azkarra izango duzu.

Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek