CodeSyntax 2025: 25 urteko bidea eta etorkizunerako abiapuntua
ESLE2000. urtean sortu genuen CodeSyntax, indarrak eta ideiak batuz. 25 urte bete ditugu, eta duela bost urte Gazte Enpresaren blogean esaten genuen bezala, urte hauetan “arrakastaren sentsazioa baino gehiago, gure lana urteetan zehar finkatu eta onetsi dela sentitzen dugu”. Bide horretan, SPRI Garapen Agentziaren eta euskal BIC zentroen (hala nola BIC Gipuzkoa Berrilan) babesa eta laguntza izan ditugu.
2025ean gure hazkunde iraunkorra bermatu dugula uste dugu, teknologia aurreratua sendotzean, bezeroekin eta ingurunearekin lankidetzan, barneko eraginkortasun operatiboan eta produktu propioen aldeko apustuan oinarritutako estrategiari esker, betiere gure izate-arrazoia ahaztu gabe: hau da, bezeroei eraldaketa digitaleko prozesuetan aurrera egiten laguntzea.
Teknologia librea, komunitatea eta konpromisoa
Urtero bezala, Plone, Python edo Django bezalako komunitate teknologikoetan aktiboki parte hartzen jarraitu dugu, teknologia libre eta kolaboratiboen garapenean ekarpena eginez. Beste urte batez, Bonnen (Alemania) antolatu zen Beethoven Sprintean eta PloneConf Jyväskylän (Finlandia) nazioarteko konferentzian izan gara, hizlari eta eragile aktibo gisa.
Gainera, tokiko ekosistema sendotzeko konpromisoa berretsi dugu sektoreko elkarte eta sareetan parte hartuz: ESLE (Euskadiko software libreko eta ezagutza irekiko enpresen Elkartea), HEKIMEN (Euskal Hedabideen Elkartea), LANGUNE (Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartea), GAIA (Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkartea), PLONE Foundation, UPTEK - AFM (fabrikazio aurreratua), EUSKALIT (kudeaketa aurreratua), BAI EUSKARARI / BIKAIN (hizkuntza-normalizazioa), baita Armeria Eskola Elkartea, BPTD / DEBEGESA edo TOKIKOM ere. GITALENTen, Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astean (EUSKALIT) edo KUTXA Fundazioan ere gure esperientzia partekatu dugu, belaunaldiartekotasunaz, berrikuntza antolaketaz eta digitalizazio arduratsuaz dugun ikuspegia emanez. Era berean, Deusto Business School-ekin kolaboratzen jarraitu dugu Prospektiba (Eneko Astigarraga) eta Informazio sistemak (Nagore Ruíz de Escudero) ikasgaiak ematen.
Aliantza hauek guztiak teknologiaren aldeko gure ekarpen xumearen isla dira, komunitatearekiko konpromisoa, berrikuntza irekia, euskararen normalizazioa eta inguruko garapen jasangarria sustatuz.

Aliantza sendotuak, proiektu estrategikoak
Urteko mugarri nagusietako bat izan da maila handiko erakundeekin dugun lankidetza estrategikoa indartzea: ONCE, LABORAL KUTXA, GEROA, TOKIKOM edo Europako Ingurumen Agentziarekin, besteak beste. Era berean, nazioarteko presentzia handia duten enpresa eta erakundeentzat ere garapen teknologikoak burutu ditugu aurten, hala nola ULMA TALDEA, IRIZAR, Mondragon Korporazioa (MCC) edo DIPC-rentzat.
Konfiantzan, entzutean eta egokitzeko gaitasunean oinarritutako harreman hauei esker, goraka egin dugu negozioan.
Produktu propioak berraktibatu eta lerro berriak ireki ditugu
Aurreratu genuen bezala, 2025a izan da, halaber, gure produktu propioak berraktibatu eta merkaturatzeko urtea, balio-proposamen argiarekin eta gure ikuspegi teknologikoarekin lerrokatuta:
-
Tagzania: mapa pertsonalizatuen plataforma berritua, turismoan, kulturan eta mugikortasunean aplikazioekin.
-
CS Energia: energia kudeaketa adimendunerako tresna, jada lau tokiko energia-komunitatetan (CEL/TEK) martxan.
-
Xiba: aisialdi eta jokoetarako plataforma berria, 2026ko lehen hiruhilekoan kaleratuko dena.
-
Plone 6 Volto: edukiak argitaratzeko gure soluzioen bilakaera, hedabide eta erakunde publikoen eskaerari erantzunez.
-
Erreserba-sistema: tokiko administrazioetan eta kultura-proiektuetan ezarria.
-
Administrazio publikoentzako aplikazioak, eta abar.
Produktu propioen ildo honek gure autonomia teknologikoa indartu du eta merkatu berriak esploratzeko aukera eman digu.

I+G+b eta ezagutza-eragileekin lankidetza
Berrikuntza gure jardueraren ardatz izaten jarraitu du, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak, CDTIk, Eusko Jaurlaritzak (Hazitek), eta Europar Batasunak (Next Generation) kofinantzatutako I+G proiektuetan parte hartuz:
-
MAK21: industriarako automatizazio eta datu-teknologiak.
-
BCSSD: datu partekatze seguruan oinarritutako zibersegurtasun industrialeko proiektua, arrakastaz amaitua.
-
ADAGIO: esperientzia digital aurreratuak, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna ardatz.
Proiektu hauek Tecnalia eta Vicomtech bezalako zentro teknologikoekin eta euskal berrikuntza-ekosistemako beste enpresekin elkarlanean garatu ditugu.
Jasangarritasuna, energia eta etorkizun arduratsua
2025ean jasangarritasuna ere ardatz estrategikoa izan da, ekintza zehatzekin:
-
Eguzki-plaken bidezko energia berriztagarrien sorrera eta autokontsumoa Eibarko Azitain egoitzan, TEK Azitain tokiko energia-komunitatearen bidez.
-
Eroski, H-ENEA eta Etxeko Klusterrarekin lankidetza, elikadura-jasangarritasunean eta kontsumo arduratsuan aplikatutako soluzio digitalak garatzeko.
-
Lanbide Heziketako zentroei laguntza, mugikortasun jasangarriaren eta energia-digitalizazioaren proiektuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Misiones programaren bidez.
Pertsonak, aniztasuna eta epe luzeko begirada
Barnean, belaunaldiarteko aniztasuna indargune dela sinesten dugu. Horregatik, 2025ean belaunaldi-erreleboa prestatzen aritu gara, jakintzen transmisioa, ikuspegi berriak eta lidergo partekatua balioetsiz.
Era berean, 2025-2027 plan estrategiko berria martxan jarri dugu, 2030erako ikuspegiarekin. Helburua: lortutako hazkundea sendotzea eta aukera berriak irekitzea, bai teknologikoki, bai antolaketan eta gizarte-eraginean.
25 urte, eta aurrera begiratzen
2025a urte sinbolikoa izan da: 25 urteko historia, etengabe ikastea, erronka eta lorpen partekatuak, eta abar. Baina ez dugu helmuga gisa bizi, baizik eta abiapuntu moduan etorkizunera begira.
Oinak lurrean eta begirada etorkizunean, prospektiba pixka batekin, CodeSyntaxen jarraitzen dugu balioa sortzen duen teknologiaren alde egiten: pertsonentzat, jasangarritasunarentzat, ezagutza partekatuarentzat eta gure inguruko ekonomikoarentzat balioa sortzen duena.
Eskerrik asko gure bidean bidelagun zareten guztioi. 2026an ere, elkarrekin jarraituko dugu etorkizuna eraikitzen.