Android itzulpen maratoia

2013/07/15
Pasa den ostiralean (uztailak 12) Android itzultzeko maratoia prestatu genuen CodeSyntaxen bulegoetan (enpresak horixe egin zuen, bulegoa eskaini; komunitatearen ekimen bat izan da topaketa). Hainbat helburu zituen elkarretaratze horrek: Android itzultzen bukatzea, itzultzen aritu garenek elkar ezagutzea eta itzulpen fitxategiak Librezale.org webgunera migratzea beste batzuen artean.
Andromatoia, android itzulpen maratoia

Andromatoia, android itzulpen maratoia

Andromatoia deitu genion elkarretaratzeari eta ostiralean arratsaldeko 15tatik abiatuta ekin genion sistema eragile ospetsua itzultzeari. Jendea tantaka iritsi zen bulegoetara eta azkenerako 6 pertsona bildu ginen presentzialki. Online biltzeko aukera ere jarri genuenez, beste 3 bat ibili ziren laguntzen, nahiz eta horretarako proposatu genuen Hangout-ak arrakasta handirik izan ez zuen. Izan ere, ez dakit Google handiaren produktu berri batean izen emate horren beldurragatik edota, izen ematea bera konplikatuegia delako baina hasiera batean agertuko zela esan zuen jende multzo bat galdu genuen.

Bestalde, aurreko egunetan, proiektua bera migratzea erabaki zen. Alde batetik, lehengo sistema (Glotpress) zaharkitua zegoela iritzita eta itzulpenak sistema isolatu batean eduki ordez, beste itzulpen batzuekin batera Librezalen edukitzea askoz praktikoagoa zela pentsatu bai genuen. Gainera sistema zaharrean, itzulpenen oinarria gaztelania zenez egokiagoa ikusten genuen sistema eragilearen berezko hizkuntza (ingelesa) oinarritzat hartzea. Bada, azken honekin sorpresa bat eraman genuen. Izan ere, ingelesezko fitxategiek itzulpen termino gehiago dituzte gaztelaniakoek baino eta beraz aurrez itzulita zeuden proiektuaren zati batzuetan itzuli gabeko esaldi berriak agertu zitzaizkigun.

Arazo horiek kenduta berriz, berrikuntza nabarmenena itzulpen ingurunea izan zen. Lehen esan bezala, ordurarte Glotpress erabili bagenuen ere, ostiraletik aurrera Pootle erabiltzen ari baikara. Sistema hau Librezalekoen webgunean dagoen itzulpen kolaboratiboak egiteko tresna bat da. Eskeintzen dituen abantaila handien artean itzulpen memoriena da garrantzitsuena. Hau da, tresna bertan dauden gainontzeko proiektuetan dauden terminologia konparatzen du itzultzen ari zaren esaldiarekin eta antzekotasunak bilatuz, proposamenak egiten dizkizu. Honek itzultzen ari zarenaren gainean pista handiak ematen dizkizu eta sarritan terminoa itzultzea bera, klik bat egitea besterik ez du bihurtzen.

Pootle itzulpen tresna

Eta horrela, talde lanean pixkanaka pixkanaka atal desberdinak itzultzen joan ginen. Itzultzaileek gomendioak egiten zituzten bitartean, balidatzaileek zuzendu eta onartuaz. 18:30ak inguruan berriz, merienda eder batekin hizketalditxo bat izan genuen eta aurrera begirako zenbait kontuz hitz egiteko parada izan genuen (eman beharreko mantenua, bertsio berrien kudeaketa, googleera nola igo...)

Andromatoia iluntzeko 20:30 eman genuen bukatutzat nahiz eta ez genuen bukatu. Sistema eragileko bi aplikazio nagusienak falta dira oraindik ere (telefonoa eta ezarpenak). Itzultzaileek gomendio asko gehituta badituzte ere, balidazioak falta dira. Ea hurrengo egun eta asteetan amaitzerik dugun, irailean v5 bertsioa ateratzekotan daude eta prest egon nahi baitugu etortzen denerako.

Mila esker honaino gerturatu zineten Jurgi, @gaurdabihar, Aritz, Joseba eta Leire. Eta baita etxetik aritu zineten Lixifumi, @naiinred eta Jon. Barkatu online egon den baten bat ahaztu badut!

Oharra: Pootleko bertsioan Android sistemaren nukleoa ez genuen kargatu guztiz itzulita dagoelako. Sistema eragilearen zati handiena denez, itzulitako portzentaian eragin handia izango du.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Urtzi Odriozola

Python programatzailea 'Gamer' euskaltzale bat.