2025/12/10
Gogoratzen Tagzania? Bada, gure joko geografikoa itzuli da! Tagzania berrindartuta eta nobedade ugarirekin ireki dugu berriro, Egunean Behin arrakastatsuaren mekanika geografian aplikatuz.

Udaberrian kaleratu genuen lehen bertsio bat, baina izugarrizko arrakastak (bi egunetan 10.000 erabiltzaile) azpiegitura berriro planteatzera eta indartzera behartu gintuen. Orain, prest gaude berriro, eta Google zerbitzuekiko (Street View, Google Maps) menpekotasuna apurtu dugu baliabide libreak erabiliz. 

Zein da Tagzania berriaren gakoa?

Tagzania Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa-jokoen antzekoa da, baina eguneroko erronka sinple batera ekarria:

  • Eguneroko erronka: egunero bi toki identifikatu behar dira.
  • Euskal Herria beti presente: bi tokietako bat Euskal Herrikoa izango da beti.
  • Mekanika: tokia irudi sorta batekin erakusten da, eta erabiltzailearen lana da mapa baten kokapena ahalik eta zehatzen eta azkarren asmatzen. Lehen irudia da kokatu beharrekoa; besteak pista bezala ulertu behar dira.
  • Puntuak eta sailkapenak: puntuak lortzen dira gertutasunaren eta azkartasunaren arabera, eta horrekin sailkapenak osatzen dira (egunerokoa, astekoa, hilabetekoa), orokorra zein taldekakoak. 

Oinarri libreak, euskaraz

Birplanteamendu honetan, gure apustua baliabide libreen aldekoa izan da:

  • Irudiak: Wikimediako argazkiak (Wikimedia Commons-ekoak), kasu bakoitzean egileari aitortza eginez.
  • Mapak: OpenStreetMap-eko kartografia, gainera, euskarazko mapekin integratuta. Propio jokorako sortu dugu azpiegitura.

Funtzio berria: jokalariak, sortzaile!

Berrirekiera honekin, jokoak aukera gehigarri bat dakar, komunitateari ateak irekiz:

  • Proposatu zure tokiak: orain, jokalariek berek beren toki propioak proposatu ditzakete, jokoan integratu daitezen.
  • Irudi geokokatuak: aplikazioaren bidez bertatik betara (in situ) egindako argazki geokokatuak erabiliz egin daiteke ekarpena.
  • Estatistikak: ekarpenak egiten dituztenek onartutako tokien estatistikak ere jasoko dituzte: zerbait ikuspen izan dituen, zenbat aldiz asmatu den, etab.

Tagzania, aspaldiko marka berriztua

Izena ezaguna bazitzaizun, arrazoia duzu! Tagzania 2005ean martxan jarri zen gure mashup 2.0 proiektu bat izan zen, erabiltzaileek mapan erreferentziak gordetzeko webgunea. Baina, beste hainbat proiekturekin gertatu bezala, Googlek funtzionalitateak bereganatu zituen, eta mugikorreko Internetaren garapenak erabilgarritasuna murriztu zuen. 2020an itxi genuen proiektu hura.

Orain, 2025ean, izen hori berpiztu dugu, kontzeptu eta zerbitzu berri batekin, CodeSyntaxen gamifikazioan dugun eskarmentua (Egunean Behin, Mihiluze, Appa Hi, etab.) aprobetxatuz.

Instalatzera eta probatzera gonbidatzen zaitugu, jokoa hobeto ezagutzeko: https://tagzania.com

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek