2023/12/04
Hika ikasi eta praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, Badihardugu Elkartearekin batera garatu genuena 2021. urtean. Oso modu errazean hika egiten ikasteko eta praktikatzeko aukera ematen du. Azken asteotan zenbait berrikuntza egin dizkiogu aplikazioari, besteak beste, lagunekin Lehiaketak antolatzeko funtzionalitatea gehitu diogu eta, gainera, beste bost herritako hikako taulak, bideoak eta ariketak ere erantsi dizkiogu. Appa hi!

Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintza Gatzaga eta Eibarko hikako atalak ere prest

2021ean sortu genuen Appa Hi!, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa, Badihardugu Euskara Elkartearekin elkarlanean. Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren baitan sortu zen aurreneko bertsioa eta 2022an Euskara batuko hika praktikatzeko edukia erantsi genion. Orain Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako atalak gehitu dizkiogu aplikazioari.

Azaroaren 17an aurkeztu genuen Eibarko udaletxean Eibarko bertsioa, Eibarko Alkatearen, Ego Ibarra Batzordearen eta Akebai egitasmoko koordinatzailearen laguntzarekin, eta joan zen astean egin zen Leintz ibarreko 4 udalerrietako bertsio berrien aurkezpena Leintz Gatzagako Gatz Museoan, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udal guztietako ordezkari politiko eta teknikoak bertan zirelarik.

Oñatin ez bezala, hikaren egoera ez da hain ona Leintz ibarrean eta Eibarren. Nagusienen artean bizirik dagoen arren, belaunaldi gazteagoen artean gero eta gutxiago entzuten da, batez ere nesken artekoa. Appa hi! aplikazioaren helburu nagusia horixe da, azken urteotan izandako beherakadari aurre eginez, hitanoa berrindartzeko beste tresna bat eskaintzea herritarrei, elkarteei eta erakundeei.

Herri hauetan ere, bertako hikako formak jaso ditu Badihardugu Elkarteak, hainbat elkarrizketa eta bideorekin batera, eta herri horietako hitanoa praktikatzeko ariketak eta moduluak aktibatu ditugu, betiko moduan, modu errazean hika praktikatzeko eta oinarrizko ezagutza jasotzeko.

Lehiaketa eta taldeak sortzeko aukera

Horretaz gain, Lehiaketak antolatzeko funtzionalitatea ere gehitu diogu aplikazioari. Oso modu errazean, edozein erabiltzailek lehiaketa txikiak antolatu ahalko ditu aplikazioan bertan hikarekin jolasean ari garela praktikatzen jarraitzeko, dela senideekin edo lagunekin, dela ikastetxe edo euskaltegi batean. Bizpahiru urratsetan, modu samurrean, Talde eta Lehiaketak sortu daitezke, zure inguruko lagun, senide eta ikaskideekin partekatu, eta talde horren barruko erronka eta lehiaketa txikiak antolatu.

Lehiaketen aukera hori oso modu ederrean jarri dugu martxan, Badihardugu Elkarteak eta Oñatiko Udalak joan zen ostiralean Oñatiko gazteekin antolatutako lehiaketaren bidez. Txantxiku ikastolako 50 gazte aritu ziren nor baino nor, oso giro onean eta barre artean, ea Oñatiko hika nork hobeto menderatu.

Hurrengo asteotan ere jarraituko dugu lehiaketen atal honi berrikuntzak eransten.

ingoxonau-appa-hi-lehiaketa-onati.jpeg

Appa hi!, hika modu errazean ikasteko aplikazioa

Appa hi! aplikazioaren helburua bost astean hitanoaren oinarria ikastea eta barneratzea da, baina betiere modu errazean eta alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkezten dira, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

Egunean pilula edo ikasgai bat irekitzen da. Ikasgai horretan azalpen teorikoez gain, lagungarri izan daitezkeen irudi, testu edo ikus-entzunezkoak ere agertzen dira gehienetan, adibide gisa. Azalpenez gain, pilula bakoitzak galdera-sorta bat du eta, zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat zabalduko zaigu. Baina lasai, oker erantzunez gero ere aukera izango duzu behar adina aldiz saiatzeko eta! Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.

 

...................................

Goiko argazkia nagusian Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udal ordezkariak eta teknikariak. Iturria: mondraberri.eus

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek