Bertsozale.com webgune berritua (eta Txapelketa Nagusikoa ere bai, bide batez)

2013/11/13
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen webgunea berritzeko enkargua jaso genuen urte honen hasierarako, eta halaxe aurkeztu genuen otsail aldera bertsozale.com berritua. Orain, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webgunea ere bertatik kudeatzen da.
Bertsozale.com portada nagusia

Bertsozale.com portada nagusia

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen webgunea berritzeko enkargua jaso genuen urte honen hasierarako, eta halaxe aurkeztu genuen otsail aldera bertsozale.com berritua.

Baditu ezaugarri konkretu batzuk aipagarri iruditzen zaizkigunak:

  • Egitura berbera duten sei elkarte biltzen ditu Bertsozale Elkartearen proiektu bateratuak, eta webguneak ere horri erantzuten dio. Herrialdeko Elkarte bakoitzak bere azpiwebgunea du (edo izan dezake, behintzat), albistegi propio batekin, eduki zuhaitz jakin batekin. Kudeatzaileak ere, sarean antolatzen dira, baimen desberdinekin dagokion atala moldatzeko aukerarekin. Eta herrialde bateko albistegia, nahi izatera, erabili daiteke portada nagusiko albistegia osatzeko ere.
  • Beste webgune batzuk ere baditu bertsozale.com-ek, eta haiei ere eman behar zitzaien tokia bertsozale.com-en. Horretarako, API bidez komunikatu gara BDB, bertsosarrerak.eu eta bertsoa.com-ekin. Xenpelar Dokumentazio Zentroak BDB (Bertsolaritzaren Datu Basea) eguneratuta mantentzen du, eta hango datu-base erraldoira sarrera eman behar zen, ohiko banner edo lotura jartzeaz harago. Zentzu horretan, “eguneko bertsoaldia, biografia, doinua…” prestatu dira: eguna, data, aitzakia bat baino ez da barruko edukira sarrera emateko. Agenda eta hemeroteka ere, adibidez, BDBtik ekartzen dira.

Webgune desberdinen portada izan nahi du, neurri batean, bertsozale.com-ek beraz, eta horri erantzuneko moduan prestatu zen gure webgunea. Plone erabili da CMS moduan.

Diseinuari dagokionez, gure azken aldiko lan gehienak bezalaxe, responsive da hau ere. Alegia, mugikor eta tabletetarako egokitutako diseinua.

Bertsolari Txapelketen webguneak

Beste proiektu askoren artean, Bertsozale Elkarteak txapelketak ere antolatzen ditu. Horiei ere egin behar, beraz, tokia webgunean. Komunikazio estrategiaren arabera, txapelketa bakoitzean erabaki beharko du Bertsozale Elkarteak txapelketaren gune berezitua atera, domeinu propio batekin, edo bertsozale.com-en baitan azpiwebgune bat sortu. Izan ere, horretarako aukera garatu baitugu Plone orokorraren baitan: bertsolari txapelketak kudeatzeko modulu berezi batzuk.

Txapelketa batek dituen parte-hartzaile, saio, puntuazio, sailkapen, gai, bertsoaldi… horiek guztiak, fitxa berezien bidez kudeatzeko modua eskaintzen du bertsozale.com-ek. Alegia, eduki-zuhaitza eta albistegiak osatzeko Plone osoaren funtzionalitateak izateaz gain, bertsozale.com-erako garatutako funtzionalitate bereziak eta txapelketen kudeaketarako berariaz garatutako moduluak ditu eskura Bertsozale Elkarteak. Nahi izatera, noski, diseinu aldetik ere txapelketa bakoitzari bere irudi propioa emanez.

Eta hori baliatu du, martxan den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webgunea osatzeko.

BTN13 azpiwebgunea

Funtzionalitate horiek guztiak, martxan ikusi daitezke bertsozale.com/btn13 webgunean, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webgunean, alegia. Bertsoa.com-ekin batera, hor ari da Bertsozale Elkartea txapelketaren berri ematen.

        

Hor ikusi ditzakezue parte-hartzaile guztien fitxak, saioak burutu ahala bertsoaldi desberdinekin osatzen doazenak, puntuazio eta sailkapenak, saioaren fitxak (pasa aurretik eta pasa ondoren, bista diferenteak dituzte), albistegiak (bertsozale.com orokorrera ere bertako albisteak igo daitezke, noski). Eta abar.

Berrikuntza moduan, akaso, txapelketako bertsoaldiak katalogatzeko modua ere eskaintzen du guneak, modu horretara saioaren fitxa eta bertsolarien beraren fitxak osatzen direlarik. Bertsolari batzuk orrialde luze-luzea izango dute abendu erdi aldera eta, beste batzuk, motzagoekin bukatuko dute aurtengo ibilbidea.

Ostatatze azpiegitura teknikoa

Badu ezaugarri konkretu bat Txapelketa Nagusiaren webguneak, kontuan hartu behar izan duguna: saioak burutu osteko lehen minutuetan, bisitari mordoa pilatzen da informazio bila, sailkapenaren bila. Eta, une horretan bertan ari dira editoreak ere informazio hori eskaintzen, bertsoaldiak banatzen, sailkapena sartzen. Trafiko eta karga une horiek kudeatu behar, beraz.

Txapelketak irauten duen bitartean, zerbitzarian egitura bikoiztu dugu eta ohiko bisitariak eta txapelketaren editoreak helbide desberdinetatik bideratu, elkarren arteko katxe, karga eta edizio lanekin txokerik eta konfliktorik egon ez dadin, eta zerbitzarian arazorik egon ez dadin. Ea ba, nola doan dena.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.