2013/10/10
Betor hitzaldi sortaren barruan, atzo La Personnalité enpresako bikote ekintzaile eta sortzailearen txanda izan zen: Goio Telletxea eta Ana Malagon. "Kariñoa eta printzipioak" izenburua zuen aurkezpen interesgarri bat eman ziguten.

La Personnalité enpresaren eta euren esperientzia profesional konkretutik abiatuta, joera eta analisi orokorragoetara pasatu ziren hizlariak, Ana Malagon eta Goio Telletxea. "Diseinatzaileak gara", beren burua horrela aurkeztuz hasi zuten, baina aurrerago, hori izateko modu definitu batekoak zirela demostratu ziguten, Jeffrey Zeldman-en zita bat gogora ekarriz: “Real web designers write code. Always have, always will.” Benetako diseinatzaileek kodea idazten dute. Beti egin dute. Beti egingo dute. Aipu hori aurkezpenean ikusiko duzue, hemen itsatsita.

Diseinatzaile profil hori lantzeko ahalegin kontzientea egiten dute Malagin eta Telletxeak. "Produktu eta zerbitzu digitalen diseinua" vs "webgune politak egiten ditugu" dikotomia ulertarazi behar zaio bezeroari, azaldu zutenez. Era berean produktu eta zerbitzu hitzeak azpimarratu zituzten: errezeloa adierazi zuten, ea Euskal Herrian Internet ulertzen den batez IKT zentzuan, informazio eta komunikazio plataforma gisa, ez horrenbeste zerbitzuen mailan.

Zerbitzu horien diseinuan, erabiltzailearen tokian jarri behar du garatzaileak, esan zutenez: haren bidea egin. Eta gainera, beste modu batean ere jarri erabiltzailearen posizioan: "Nik neuk erabili nahiko nukeen moduko zerbait egin".

Gero, lan prozesuan, prototipoetatik azken urratserainoko adibide eta urratsen adibide grafikoak eman zizkiguten. "Hau serbilleta batean marraztu genuen", esatea klixe polit eta mitikoa izan daiteke web garapen baten arrakasta a-posteriori azaltzeko, baina egiazki, gauza on-onak ez dira horrela sortzen.

Prozesu horretan, gainera, dena eurek bakarrik ez zutela egiten azaldu zuten. Hazteko tentazioari eutsi dion enpresa da La Personnalité (galdera txandan interesa egon zen zirkunstantzia honengatik), bi lagun hauek sortu zuten 2008an, bi dira bost urteren buruan. Eta hortaz, programatzaile talde desberdinekin uztartzen dutela lana azaldu zuten. Tartean, CodeSyntax enpresak ere egin izan ditu lanak eurekin, eta erakutsi zituzten adibide grafikoetan, egon zen horren erakusgarririk, Bilbao Kirolak proiektua kasu.

Lan hauetan kariñoa eta printzipioak jartzen dituztela azpimarratu zuten hizlariak. 

Beraz, beste jardunaldi interesgarri bat suertatu zen Betor atzo, aurrekoetan bezala. Hona orain arteko beste hitzaldien kroniken berri:

  1. Txomin Jauregi eta Deskontu.com
  2. Iñigo Arandia eta Kaixomaitia.com
  3. Iruri Knörr eta Ideateca
  4. Javier Etxebeste eta Nestoria
  5. Nagore Guarretxena eta Akting
  6. Haritz Rodriguez eta BlogOnBrands
Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek