BEZ arau berria Europan produktu/zerbitzu digitalentzat

2015/01/02
ETBrako elkarrizketa labur bat grabatu dut goizean BEZ arau berria dela eta hemen prestakuntzan harturiko oharrak

Zer dira produktu edota zerbitzu digitalak?

Aplikazioak, online jokoak, liburu elektronikoak, domeinuak, hosting-a edota harpidetza digitalak, besteak beste.

Nori eragiten dio lege berriak?

Legeak enpresa eta norbanakoen arteko hartu-emanei eragiten die, ez enpresen artean ematen diren salmentei.

Zer aldatuko da?

Orain arte, saltzaileak bere herrialdeko BEZa aplikatzen zuen salmentan, eroslea nonahi egonda ere.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera lege berria dago indarrean. Lege honek behartzen du saltzailea eroslearen herrialdeko BEZ zerga ordaintzera. Bezeroa Danimarkan badago %25a ordainduko du, Irlandan %23a eta Alemanian %19a, adibidez.

Eta horretarako derrigorra da saltzaileak argi izatea zein herrialdetan dagoen eroslea. Bi modu ez kontrajarri erabili behar ditu saltzaileak bezeroaren herrialdea ziurtatzeko, hala nola: IP helbidea, kreditu txartelaren kodeak, telefono zenbakia, helbide postala eta abar. Kokapena ziurtatzen duten datu hauek 10 urtean gorde behar ditu saltzaileak.

Erosleak ematen dituen kokapen-datuak ez badatoz bat, salmenta bertan behera laga behar du erosleak.

Enpresek egiten duten BEZ deklarazioan izango du eragina baita ere. Hainbat herrialdetako zergak jaso arren enpresek leihatila bakarra erabili behar dute deklarazioa egiteko, mini one stop shop delakoa, norberak bere herrialdean, eta gero konponduko dira bateko zein besteko ogasunak.

Ondorioak

Lege hau asmatu dute korporazio handiek (Amazon, Apple edota Google-ek) egiten duten ebasio fiskala ahalik eta gehien saihesteko. Zerga-ordainketa txikiena eskatzen zieten herrialdeetatik jardun dute lanean orain arte. Ikusteke dago ea lege berri honek lortuko duen ebasio fiskala ekiditea. Ni neu ezkorra naiz; telebistan esan dudan moduan, tranpa egiten duena beti doa legearen aurretik.

Eragin negatiboa izan dezake legeak, ordea, enpresa txikiengan. Egiaztatze bikoitzaren beharra lan teknologiko bat gehiago da, handiek erraz beteko dutena, baina txikientzat traba izan daitekeena. Herrialde bakoitzeko prezioak edota faktura berezituak zehaztu beharra bezalaxe.

Informazio gehiago hemen

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.