Bilaketen buztan luzea

2009/01/08
Google Analitycs-eko Avinash Kaushik ingeniariak datu interesgarria eman omen zuen Atlantan egindako ebentu batean. Googlen gero eta bilaketa zehatzagoak egiten ditu jendeak. Gaur egun, lehen aldiz, 4 hitzetako testuak bilatzen dira bataz-beste bilatzaile erraldoi horretan.

Hau da, jendeak ez du bilatzen "eibar". Bilatzen du, adibidez, "guardiako farmazia eibarren ", "mapa eibar plaza untzaga", "eibar kirol-denda ordutegia"... eta abar. Bataz beste 4 hitzetako "esaldiak" (esaldi baino, "hitz multzoak").

Nonbait hitz bakarra jarrita lortzen diren emaitzek ez gaituzte asebetetzen. Chris Andersonen buztan-luzea, bilaketetara ere iritsi dela dirudi, honenbestez.



"Kirol-denda eibarren", "farmazia eibar untzaga" eta antzeko konbinazio bakoitza, 2-3 lagunek bilatuko dute soilik hilabetean. "Eibar", aldiz, 2000 lagunek. Baina 3-4 hitzetako hitzen konbinazio posible guztiak hainbeste dira, denen artean, "eibar" berak baino pisu haundiago hartzen dutela.

Eta horrek asko zabaltzen edo zailtzen du SEO (Search Engine Optimization) burruka.

Zure webguneko keyword edo hitz-klabeak identifikatu eta haiek ondo posizionatzen saiatu zintezke -eta hori egin behar da, noski-, baina ezin dituztu hitz konbinazio posible guztiak aurreikusi eta kontuan hartu. Nola kokatzen da webgune bat ondo horrelako bilaketa konkretuen emaitzetan? Nola lortzen dut "guardiako farmaziak eibarren" esaldia bilatzen duenari ttak, nire orria azaltzea (besteak beste horretaz ari delako)? "Guardiako farmaziak eibarren" hitzak eduki beharko ditu, bai, baina ordena, barianteak... aukerak mila dira. Batek bilatuko du "guardiako farmaziak eibarren gaur", "guardia farmazia eibar"... Eta ez da euskarazko deklinazio arazoa soilik, horrek guri zailtasun extra bat suposatzen digun arren. Beste hizkuntzetan ere barianteak mila dira. Auskalo zer jarriko duen jendeak galdera hori egiteko!

Ez dut uste truko handirik dagoenik. Bi aholku soilik emango nituzke:

  1. Edukia sartu. Edukia, edukia, edukia. Sartu eduki interesgarria zure orrian. Printzipioz interesik ez duela iruditzen zaizun artikulu, esperientzia... hori ere sartu zure orrian. Bilaketa arraroa egiten duen norbait erakarriko duzu, agian, horrekin. Buztan luzeko bilaketak lortzeko, blog eta sarri eguneratzen diren webguneak oso interesgarriak dira. Dendari eta enpresei esaten diet: kontatu zure esperientziak hor, idatzi, idatzi, idatzi. Ondo idatzi eta gauza interesgarriak kontatuz gero, hobe, jakina.
  2. Egin orria estandarrei jarraituz eta SEO agindu minimo batzuk kontuan hartuz. Webgunea egiterako izan hori kontuan. Bezeroari zure orria gehiago edo gutxiago gustatuko zaio, baina benetako epaia Googlek emango dizu.
Bi agindu hoiek betez gero, egon seguru, uste ez dituzun bilaketak egindako jendea iritsiko da zure webgunera. Gero, zurean geratuko den edo zure intereseko zerbait (erosi, informazio eskatu...) egingo duen... hori beste kontu bat da.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.