CodeSyntaxek Tagzaniarekin lortutako esperientzia, orain FON mapetan agerian

2005/11/18
Tagzaniarekin azken hilabeteotan irabazi dugun esperientziak, asko balio izan dio CodeSyntaxi lan berriak lortzeko. Tagzania aplikazio soziala da, mapak sortzeko, gordetzeko eta partekatzeko; eta funtzio horiek beste eremu batzuetan ere aplika daitezke. Horien lehen adibidea sarean dago jada: FON ekimenaren mapak. FON proiektuaren helburua da wi-fi sare globala sortzea, banakako erabiltzaile sakabanatuen bidez. Martin Varsavsky enpresari argentinarra dago haren atzean, eta helburua zera da: wifi bidezko telefonia, eta irismen handiko Internet konexioa eskaintzea, doan edo oso prezio txikian, orain arte inon egin ez den eskala batean.

CodeSyntax-ek kontaktua izan zuen Varsavskyrekin urrian Madrilen izandako Webdosbeta bilkuran. Handik bi egunetara, lanean geniharduen mapak egiten bere enpresarekin, ez guk bakarrik, beste euskal enpresa batekin elkarlanean baizik, Alianzo Networks-ekin.

FON Espainian irten da kalera aste honetan, eta oraingoz Espainiako mapak erakusten ditu gure aplikazioak. Hala ere, hizkuntza desberdinetan funtzionatzen du guneak, eta euskara hor dago tartean. Ekimena prest dago orain beste herrialde batzuetara salto egiteko, eta gure mapek ere bide horretatik jarraituko dute.

Eta FON etorri den bezala, beste proiektu batzuk ere etorriko dira. Tagzania epe luzerako aplikazio bat da, informazio geografiko globala bildu nahi duen oinarri partekatu bat da, erabilpen pertsonal eta kolektiborako. Ez du orain diru-sarrera zuzenik, ezta ere, seguruenik, premia larririk sarbide ekonomikoak berehala ziurtatzeko. Behar duena de bere horretan aurrera egitea, erabiltzaileen esperientzia aberatsago bihurtzea, haiek ere informazio gehiago eman diezaioten Tagzaniako mapei. Tagzania eta erabiltzaileen artean, elkarren balio-katea handitzea da koxka, eta horretan gaude: ahoz-ahokoa da gure marketing estrategia eta helburutik ez gara aldentzen, benetako baliabide globala sortzea ez da utopia.

Baina hori guztia egiten dugun bitartean, teknologia garatzen dugu. Web aplikazioen zerbitzari bat ederki doituta daukagu, makina dedikatu batean, datubase indartsu bati lotuta. Datu geografikoen kudeaketan, eta Googleren mapen APIaren sekretuetan, algoritmoak eta programazioa sendotzen ari gara. Esperientzia horrek, lan horrek, baluio du beste proiektu batzuetarako, eta demostratzen hasi gara hori FONekin. Era berean, bezero hauentzat egindako garapen bereziek, isla izango dute Tagzaniako interfazeetan. Batak bestea elikatzen du, eta alderantziz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.