Doako bideo-jokoen negozio ereduaz

2013/11/15
Sarean hainbat proiektu ezagunek darabil freemiun negozio eredua. Euren produktu edo zerbitzuaren oinarrizko bertsioa doan eskaintzen dute, erabiltzaileen gehiengoarentzat, eta balioa eransten duten zerbitzu/produktuengatik ordainketa txikiak eskatzen dituzte. Flickr edota Wordpress dira horren islada. Negozio eredu hau bideojokoetan aurkitu dezakegu baita ere.

Futbol-taldeen kudeaketa-jokoak aspaldiko kontua dira, online zein offline. Aspaldikoa da Marcaren Liga fantastica hura (bai, jolasten nuen, #daitort). Gure koadrilan moda-modan dagoen jokoa Comunio da (ikusi Wikipedian bere istorioa). Alexaren arabera Espainian gehien ikusten diren webguneen ranking-ean 115.a da.

Funtzionamendua:

  • Koadrilan liga pribatu bat daukagu.
  • Izena ematean tankera bereko taldeak esleitu zizkigun sistemak, talde ezberdinetako jokalariekin osatuak.
  • Egunero jokalari berriak erosi ditzakegu, eta geure taldean daudenak saldu, taldea etengabe moldatuz.
  • Jardunaldi bakoitzean hamaikakoa egin behar dugu.
  • Hamaikako horri puntuak ematen zaizkio As egunkariko balorazio sisteman oinarrituz.

Negozio eredua

Jokoa doakoa da. Beraz, nola egiten du dirua?

Jokalariak saldu eta erosteko garrantzitsua da hauen estatistikak ezagutzea (bere balioaren eboluzioa, lortu dituen puntuak, ...). Jokatzen hasi eta hilabetera datu horiek desagertu egin zitzaizkigun. Berriz ikusi nahi bagenituen 12,80 euro ordaindu behar.

Gainera, jokoan login egitean behin baino gehiagotan ezinezkoa da, login-a ordaintzen duten jokalarietara mugatua dagoelako. Badira beste hainbat zerbitzu jokalari horiei soilik eskaintzen zaizkienak.

Bestalde, jokalarien puntuaketa As egunkariak partidu bakoitzaren ostean ematen dizkien puntuekin zuzenean dago lotua. Logikoa izango litzateke pentsatzea As-ek zer edo zer ordaintzen duela horren trukean, bisitariak lortzen ditu eta. Ni neu As-en apenas sartu naizen lehenago, baina orain sarri-sarri jotzen dut bertara puntuaketak ikustera.

Horretaz gain, ohiko iragarki bannerrak ere badituzte. Ez dut uste iragarki-mota tradizional hau bideojokoen negozio eredu esklusibo eta bakar moduan hartu daitekeenik, baina gehigarri moduan bai.

Zer gehiago eskaini? Erronkak?

Lehiakideekiko abantailak lortzea da bideojokoek jokalariei eskaini beharrekoa. Eta ahalik eta prezio murritzenean; mikro-ordainketak, alegia. Abantaila nabarmen bat lortzeko aukera ikusten badut, prezio barregarrian, hartzea erabaki dezaket, batez ere nire lehiakideek abantaila hori hartu dutenaren susmoa badaukat.

Erabilgarritasunaren ikuspuntutik Comuniok badauka zer hobetua baita ere. Zaharkitua geratu da. Deigarria da, adibidez, joko honetan jarduteko doako informazioa ematen duen Comuniazo.com webgunea askoz ere erakargarriagoa izatea.

Amaitzeko, interesgarria litzateke Comunio eta apustu-etxeen artean nolabaiteko erlazioa sortuko balitz. Mikro-apustuen aldetik, adibidez.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.