Durangoko Azokaren katalogo berritua

2005/12/07
Gaur irekiko da Durangoko Azoka CodeSyntaxek egindako gunearekin. Joan aurretik, aholku bat, guneko Katalogoari emaiozu begiratua. Datubase hori berori erabili da, bestalde, Azokaren aurtengo paperezko katalogoa egiteko.

Katalogoaren datubasearen kontra, bilaketa azkar baten bidez, zer eskaintza dagoen ikusi ahal izango duzu, eta argitaldariaren loturan klikatuta, Azokaren planoan hark tokia non duen ere ikusiko duzu. Esate baterako, Jabier Muguruzaren Seda diskoa hortxe aurkituko duzu, Barrenkaleko 23. erakusmahaian.

Katalogoak badu beste berritasun bat, gunean nabaritzen ez dena, baina Durangon akaso aurkituko duzuna: inprimatutako paperezko katalogoa.

Papererako egin dena digitalizatu beharrean, alderantziz egin da lan proiektu honetan. Web bidez kudeatu, hornitu eta doitu da argitalpenen datubasea. Eta prest egon denean, gertu egon da aldi berean web bidez kontsultatzeko, eta baita papererako: XTG luzapen baten bidez, esportatu egin da datubasea, eta aldez aurretik inprimategian prestatutako Quark maketa batera esportatu da. Eta handik, papera, egoki maketatuta.

Aplikazio honek erakusten du web plataforma baten malgutasuna: kudeatu datuak eta dokumentuka bertan, web bidez, toki desberdinetatik elkarlanean, eta azkenean, emaitza multiplea izango duzu:

  • HTML interfaze bat, CSS diseinu egoki batekin, jendeak sarean egoki nabigatzen informazioa aurki dezan.
  • kasu batzuetan, XML edo RSS bidez, edo API batekin, web zerbitzuen eran makinen arteko komunikazio automatikoa ahalbidetzeko.
  • XTG output bati esker, inprimategira joan daiteke eduki dinamikoa, maketa aldez aurretik prestaturik izanda.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.