E-commerce, erronkak eta aukerak jardunaldian

2011/10/18
Interes handia sortu du gaur Miramonen antolatu den" E-commerce, erronkak eta aukerak" jardunaldiak. Auditorio nagusia lepo bete da eta antolatzaileek bigarren areto bat prestatu dute streaming bidez jarraitu ahal izateko. Sarri entzuten dugu sarean saltzea etorkizuna dela, gaurkoan gerturatutako jendetzak etorkizun hori hurbiltzen ari dela adieraz dezake.

Jardunaldi arrakastatsu hau Gipuzkoako bazkundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute, Enpresa Digitala eta Spriren laguntzaz. Hainbat adituk Interneteko denda bat izateak suposatzen dituen lan eta nekeak aipatu dizkigute. Izan ere, sarean saltzen hasteak esfortzu handia eskatzen du, ondo egingo bada. Hizlariek aipatu moduan, Interneten zenbait gauza erraz eta merke egin daitezke, baina negozio bat abian jartzean alor ugari zaindu beharko ditugu eta horrek denbora eta esfortzu ugari eskatuko dizkigu.

Hizlari guztietan Tradeinn enpresako David Martín iruditu zait interesgarriena. Denda bat hasiera-hasieratik martxan jartzeak gainerako hizlariekiko ezberdintzen duela iruditzen zait, interes puntu bat ematen dio, nire ustetan gutxienez.

Davidek zuzentzen duen enpresak sei denda ezberdin ditu, bakoitza kirol/sektore batean espezializatua. 200 herrialde baino gehiagotan saltzen du Tradeinn osatzen duen 50 laguneko taldeak. Sareko sei denda hauetaz gain denda fisiko bat ere ireki behar izan dute Gironan, besteak beste hornitzaileekin harreman hobea mantentzeko.

Datu interesgarri ugari eman ditu Davidek, normalean ematen ez direnak, aipaturiko lan-taldea edota zuzentzen den merkatuez gain fakturazioa edota garraio eta ordainketa-moten ezaugarriak. Eskertzekoa benetan, izan ere, sarri gertatzen da hitzaldietan kontsultoreek presentzia handiegia izan eta benetako esperientzien zuzeneko informazioa ez jasotzea.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.