ERP bat? Txiki-txiki bat hobe: ERPurutxo

2012/05/04
Edozein enpresak, bere 'produkzioaren' kontrola eramateko behar du programa informatiko bat da ERP bat. Eskaerak, eskaintzak, ekoizpena bera, materiala, orduak, albaranak, epeak... ekoizpen-kate guztia kontrolatuko duen programa bat eta, hori ahalik eta modurik txukunenean planifikatzen lagunduko dion bat. Geuk ere badugu halako bat, guk geuk egina.
ERPurutxo, CodeSyntax-en ERP-a

ERPurutxo, CodeSyntax-en ERP-a

ERP edo Enterprise Resource Planning. Beno, definizio zehatz eta zientifikoagoa eman genezake, baina ulertzeko nahikoa da.

Nire esperientzia eta beldur partikularra da, enpresa askotan tresna informatikoa bera bihurtzen dela muga eta helburu. Panikoa diet Baan eta SAP eta enparauei. Koldo Saratxagak egokiago esango luke baina, pertsonengan zentratutako talde batek planifikazio pantailei baino hobe du beste sintoma batzui begiratu. Semaforoak ez daude pantailetako ikonoetan eta hori uste badugu, oker gabiltza. Eta,
askotan, berez egingo ez genituzkeen lanak egiten bukatzen dugu trensnan hau edo hura apuntatu behar dugulako.

Kalitate sistemei diedan beldurrarekin badu zerikusia, honek guztiak. Ez dakit. Nire enpresa-ingeniari esperientzia txikiak utzitako ajeak izango dira.

Baina, behar da zerbait, noski. Ez gara fakturak eskuz egiten ibiliko.

Gure kasuan, behar da jakin zer proiektu ditugun. Zer ataza pendiente. Zer aurrekontu onartuta. Edo, inkluso, zenbat ordu kosta zaigun proiektu bakoitza, gutxi gorabehera. Hori guztia barne programatxo batekin daramagu gure kasuan. ERPurutxo deitzen diogu. Txikia delako. Propio delako txikia.

Garapenari berari ez diogu ordu asko ere dedikatu. Ez diogu garrantzia haundiegia eman nahi. Django plataformaren gainean garatua dago eta pantailazotan ikusiko duzuen bezala, administrazio aldea bera ere ez diogu batere aldatu eta pertsonalizatu.

Orduak aurreikusi eta aurrekontuak egiten ditugu, pdf formatuan. Aurrekontu batzuk proiektu bihurtzen dira eta hari lantaldea esleitu. Asteko orduen parteak (astekoak, ezin da eguneko ordurik sartu) lotzen dizkiogu proiektu diferenteei (tekniko batzuk orduak kontrolatzeko kanpo tresna bat darabilte eta handik igotzen dute automatikoki API bidez laburpena) Proiektuko atazak, lanak, todo-ak... ez dira hortik kudeatzen. Proiektu mota bakoitzaren arabera, askotan (gehienetan, esango nuke) aski da posta-zerrenda bat non bezeroa bera sartzen dugun. Batzutan Basecamp darabilgu, halere. Eta gero, fakturak egiten dira ERPurutxo bertatik.

Kitto. Besterik ez.

Eta, horretarako, ze ERP konplikatu behar dugu ba? Eta, horretaz gain, ze lan konplikatu egin behar dugu ba ERP haundiago bat justifikatzeko?

Horra jarraian, irudi batzuk. Fakturen kudeaketa, aurrekontu kalkulua eta orduen sarketarako interfazeenak. Klikatu 2. eta 3,ean handiago ikusteko.

 


Argazkiak.org | ERPurutxo, fakturen kudeaketa © cc-by-sa: codesyntax

 


Argazkiak.org | Erpurutxo, aurrekontu bat osatzen © cc-by-sa: codesyntax

 


Argazkiak.org | ERPurutxo, asteko orduak © cc-by-sa: codesyntax

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.