Lan txikien eta udalei egindako eskaeren kudeaketan laguntzeko tresna

2018/10/26
Udalak dituen lan txikien eta herritarren ekarpenen kudeaketan laguntzera dator gure tresna, ekarpen horien jarraipena ziurtatuz. Herritarren eskaera guztiei erantzutea zaila da, edota egin ote den jakitea. Udalak tresnak behar ditu eskaera hauek bideratzeko, eta eskaeren egoera zein den jakiteko.
Debako udalaren Esan udalari tresna

Debako udalaren Esan udalari tresna

Herritarrak sarri jartzen dira harremanetan udalekin. Normalean kexak edo iradokizunak izaten dira, baina baita eskaerak edota esker-emateren bat ere. Horretarako, batzuetan udaltzainei deitzen zaie, beste batzuetan udaleko herritarren arreta-bulegora jotzen da edo webguneko kontaktu-formularioa erabiltzen da. Gehienetan Udal-langileak ere jabetzen dira lantxoak egoten direla egiteko herrian. Azpeitiko udalean Lan txikiak izena dauka eta Debakoan Esan udalari.

Hainbat sarbide

Kale honetako farola ez dabil; zarata asko sortzen du plaza horretako tabernak; pilotalekua, mahaiak eta aulkiak eskatu nahi ditut bazkaria antolatzeko;... Eskaera hainbat modutan iritsi daiteke gure erremintara:

  • Webgune publikoko formularioa beteta.
  • Herritarren arretako arduradunak gehituta.
  • Plataforman sarbidea duen udal-langile batek gehituta, ordenagailutik edota mugikorretik.

Mezua bidaltzeko bidea edozein delarik, CodeSyntaxek sortutako tresna berri hauen bitartez kudeatzen du udalak herritarren edota udal-langileen eskaera. Erreminta sinple bezain eraginkorra.

Tresna sinplea, erabiltzeko erraza

Eskaera berri bat gehitzea erraza izateaz gain, aplikazio sinplea egin nahi izan dugu, funtsezkoa delako erremintaren arrakastarako.

Eskaerak jasotzea zentralizatuta dago, udaleko langile baten esku. Pertsona horrek erabakitzen du lan bakoitzaren arduraduna nor den eta behar den lekura bideratzen du herritarraren mezua. Lana esleitu ostean, arduradunak hainbat aukera ditu:

  • Eskaera onartu, eta bideratu.
  • Eskaera baztertu.
  • Beste arduradun bati esleitu.
  • Iruzkinak gehitu.

Eskaera guztiek "Egoera" izeneko aldagai bat dute, defektuz "Lanean". Eskaerekin zerbait egin behar dute arduradunek, baztertu edota onartu, bestela euren egitekoen zerrendan ageri baita. Eskaera bideratu ostean, bi aukera dituzte, herritarrari erantzun edota erantzun gabe utzi. Egoera guzti horiek tresnan bistaratzen dira.

Arduradun bakoitzak berari esleitutako lanak soilik ikusten ditu, baina tresnaren kudeatzaileak den-denak ikus ditzake, kasuren batean lanen arduradunei esan ahal izateko eskaera jakin batekin zer edo zer egin dezan. Ez dadila eskaerarik geratu bideratu gabe. Onartu edo baztertu.

Gainera, tresnan bertan ikus dezakegu ea herritarrari erantzun ote zaion. Gai garrantzitsua da, eta herritarrak asko eskertzen duena.

Lan txikien kudeaketa

Tresnak balio du, halaber, udal-langileen artean lan "txikiak" antolatzeko. Sarri udal-langileak eurak dira eskaerak gehitzen dituztenak, beraiek konturatu direlako egiteko zereginak daudela. Tresnan barne eskaera hauek kudeatu daitezke.

Estatistikak

Tresnaren beste ezaugarri bat da estatistika interesgarriak lortzen direla. Eskaera guztietatik zenbat dira kexak, zenbat iradokizunak? Nondik etortzen dira eskaera hauek, webguneko formulariotik, arreta bulegotik, udaltzainetatik, udal-langileek zuzenean gehituta? Zenbat lan onartu eta zenbat baztertu dira? Eta, batez beste zenbat denbora behar dugu lan bat bideratu eta herritarrari erantzuteko? Galdera hauei erantzuten laguntzen du tresnak.

Herritarren parte-hartzea sustatu

Egindako eskaerei erantzuten zaiela ikusiz gero, nahiz eta erantzuna ezezkoa izan, herritarren jarrera ere aldatu egiten da. Udala hurbilago sentitzen du, komunikazioa arina dela konturatzen da eta etorkizunean ere ekarpen gehiago egingo ditu.

Gainera, honek guztiak lagundu dezake herritarrekin batera udalaren kudeaketa ere hobetzen.

Erreminta gertutik ezagutzeko interesa baduzu, jarri gurekin harremanetan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.