Europako Hizkuntzen Eguna dela eta, hitzaldia Iruñean hilaren 28an

2012/09/25
Irailak 26 da, izatez, Europako Hizkuntzen Eguna, eta horren harira, aste honetan, hitzaldi ziklo bat antolatu du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) hizkuntzen sailak. Ziklo horretan hizlari izango naiz ni (Luistxo Fernandez) ostiral goizez
Europako Hizkuntzen Eguna, Iruñean, 2012

Europako Hizkuntzen Eguna, Iruñean, 2012

NAPIren hizkuntzen atalak gonbidatuta, ostiralean, irailak 28, 11.00etatik 13.00etara jardungo dut nirea ematen: “Internet, hizkuntzen garapen eta bizitasunaren jokalekua”. Mintegi deitzen ere ez naiz ausartuko, baina hitzaldi luzea izanda, gai desberdinak jorratzen saiatuko naiz. Honako gidoi honekin joango naiz:

  • Internet, komunikazio iraultza erabatekoa.
  • Twitter, informazio eta kultura-erreprodukziorako kanal zentral gisa.
  • Hizkuntza biziak, eta hilak; komunikatzaile biziak, eta ez hain biziak.
  • Euskarri mugikorren erronkak.


Deialdia libre da, baina e-postaz abisatzeko eskatu dute. Wi-fi egongo da, beraz, tuit bidez kontatzeko aukera ere bai, bertara bazoazte. NAPIkoek bideoz grabatuko dutela ere esan didate. Zita da NAPIren egoitzan Iruñean (Nabarreria 39). 10.30etan harrera moduko bat egongo da, eta nire txanda 11.00etan.

Ez da nirea agerpena bakarra izango. Ostegunean bi hizlari izango dira, Ana Cortaire ingelesez goizez, eta Francis Vaquero arratsaldez frantsesez, biek galdera berari erantzungo diotelarik:  “Zer ari da mugitzen Interneten?”. Informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Luistxo Fernandez

Proiektu asmatzailea. Diplomaziaren guru bat.