2016/09/06
Bigarren urtez jarraian, Bilbo aukeratu zuen egoitza gisa EuroPython Elkarteak urteroko EuroPython konferentzia egiteko. Astebetez, maila guztietako publikoarentzako hitzaldi eta ikastaroak antolatu ziren Bilbon, Euskalduna Jauregian, eta gu ere han izan ginen.

1200 partehartzaile baino gehiagorekin, bigarren aldiz antolatu da aurten EuroPython konferentzia Bilbon. Aurtengoan ere Python San Sebastian elkarteak bultzatuta, Euskal Herrian izan ditugu Python programazio lengoaiaren jarraitzaileak, ideia berriak aurkeztu, gauzak ikasi eta astebetean gure lanaren muina den lengoaiari buruz hitz egiteko.

Hainbeste hizlari eta hitzaldiren artean, zaila da laburpena egitea eta hitzaldiren bat nabarmentzea. Orokorrean programazio asinkronoa modan dagoela esan daiteke, asyncio-ri buruzko hitzaldi kopurua ikusita behintzat.

Keynote edo hitzaldi nagusiak ere oso interesgarriak izan ohi dira horrelako konferentzietan. Aurtengoan egun bakoitzean horrelako hitzaldi bat egon zen, ikusi nahi badituzue hemen bideoak, oso interesgarriak guztiak, batez ere grabitazio uhinek aurkikuntzaren ingurukoa eta bertan Pythonek izan zuen garrantziari buruzkoa.

Baina bai aurtengo EuroPythonek eta bai iazkoak izan duten berritasun nabarmenetakoa euskarazko hitzaldien tracka dela esan daiteke. Bertan EHU, Mondragon Unibertsitatea eta CodeSyntaxeko hizlariak izan genituen. Iker Martinez de Agirrek (Mondragon Unibertsitatea), Smart City proiektuetan python nola erabili duten erakutsi zigun eta Leire Ozaetak (EHU) ipuinak kontatzen dituen Nao robotari buruzkoa.

Jatsu lankideak tokiko euskal hedabideen erabilpen kasua aurkeztu zuen, bertan Django, Fabric eta Buildout tresnak nola integratzen ditugun aurkeztu zuen 14 webguneren alderdi tekniko guztia muntatzeko. Jarraian bideoa:

Nik, nire aldetik, EITB Nahieran zerbitzuaren API ez ofiziala aurkeztu nuen, EITBk eskaintzen ez duen zerbitzu bat Pythonekin nola egin dudan azalduz:

Kongresu interesgarria, zalantzarik gabe, ez baita egunero gertatzen gure lanean egunero darabilgun tresna baten inguruko Europako kongresu garrantzitsuena etxe ondoan izatea. 

Ea datorren urtekoan elkar ikusten dugun!

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek