Euskal txiolarien datu eta grafiko berriak Umap webgunean: urtez urteko laburpen-datuak eta taulak, hizkuntza-erabilera eta txio-kopurua #umap

2020/04/29
Twitterreko euskarazko jarduna jaso eta aztertzen ari gara 2010etik Umap.eus tresna eta webgunearen bitartez. Azken asteotan egindako zenbait eguneraketaren ostean, hemendik aurrera euskal twitterlarien datu gehiago azaleratuko ditugu bakoitzaren profilean. Besteak beste, urterik urte argitaratutako txio kopuruak eta hizkuntza-erabilera.
Hizkuntza-erabilera hileka #Umap #Grafikoak

Hizkuntza-erabilera hileka #Umap #Grafikoak

Codesyntaxen daukagun tresna kuttunetakoa da Umap.eus. Duela 10 urte argitaratua (2010eko udazkenean), bi berrikuntza edo garapen handi ere izan ditu harrezkero (2013an eta 2016an) eta denbora guzti honetan Twitterreko euskarazko jarduna jasotzen eta aztertzen aritu dira gure algoritmo eta robotak.

Azken asteotan beste aldaketa txiki batzuk gehitu dizkiogu Umap.eus webguneko txiolarien profilari. Orain arte Rankinaren eboluzioa eta hilez hileko hizkuntza-erabilera erakusten genituen arren, hemendik aurrera urteroko laburpenak ere erakutsiko ditugu, 2 grafika berri eta taula baten bitartez.

Hortaz, txiolari bakoitzaren profilean, honako datuak biltzen ditugu:

  • Txiolari bakoitzaren rankinaren eboluzioa euskal twitterlarien artean.
  • Hizkuntza-erabilera urteka. (BERRIA)
  • Urtez urteko laburpen-taula, hizkuntza bakoitzean argitaratutako txioen laburpenarekin. (BERRIA)
  • Twitterlari bakoitzaren txio-kopurua urteka. (BERRIA)
  • Hizkuntza-erabilera hileka.

Abiderako, begiratu, esate baterako, euskal txiolarien rankinean goi-goiko postuetan dauden Lander Arbelaitzen edo Ana Galarragaren profilak.

Euskal txiolarien hizkuntza-erabilera urteka

Hizkuntza-erabileraren araberako datuak emateaz gain, txio-kopuru totalak ere ikus ditzakegu eta, oro har, txiolari askoren kontuetan nabari da azken 2-3 urteotan txio-kopurua jaitsi egin dela.

Txio-kopurua urteka

Umap.eus, Twitterreko euskarazko jarduna

Zer txiokatzen dugu euskaldunok? Zenbat euskal txiolari daude? Zeintzuk dira twitterlari jarraituenak eta arrakastatsuenak? Zenbat txiokatzen dugu euskaraz? eta beste hizkuntzetan? Zeintzuk dira euskaldunon TT edo joerak? Eta gehien partekatzen ditugun iturriak? Hori guztiori eta gehiago eskaintzen digu Umapek (informazio guztia eta azalpenak Umapeko albistegian, FAQ atalean, zein CodeSyntaxeko blog honetan bertan).

Izan ere, Twitterreko euskarazko jardun osoaren zatirik handiena harrapatzen dute gure robotek, eta ikuspegi orokor bat emateko aukera ematen digute, urteroko laburpenetan ikus dezakegun moduan.

Baina euskal txiolari bakoitzaren profila eta datuak ere jasotzen ditu Umapek. Horrela, twitterlarion zerrendak eta rankinak osatu ditzakegu, orokorrak zein sektorialak, eta txiolari bakoitzaren txiokatze-ohiturak ere bai.

Azken egunotan egin ditugun berrikuntzak alor hori aberasteko bideratu ditugu, urtez urte argitaratutako txio kopurua eta txiolari bakoitzaren hizkuntza-erabileraren bilakaera erantsiz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Asier Sarasua

Biologoa. Filologoa. 21. mendeko Da Vinci bat