Google Instant

2010/09/08
Jakina da Google etengabe ari dela aldaketak egiten bere bilatzailean, sarri antzeman ere egiten ez baditugu ere. Aldaketen helburua erabiltzaileari erreminta hobea eskaintzea da. Horixe du helburu Google Instant-ek, bilaketa azkarrago egitea.

Google Instant-i esker bilaketak azkarrago egingo omen ditugu. Bilatzailearen interfazea bera ez da ezer aldatzen.

Funtzionamendua

Bilaketa-terminoa idazten ari garen heinean Google bilaketa egiten ari da eta emaitza hauek erakutsiko dizkigu. Horretaz gain, idazten ari garen bilaketa-terminoa iragartzen du. Iragarpena zuzena ez bada bilaketa berregingo du berehala.

Orain arte bilaketa-terminoa idaztean iradokizunak egiten zizkigun Google Suggest-ek. Google Instant pausu bat haratago doa, bilaketaren emaitza bera erakutsiz.

Bilaketa azkarragoak eta hobeak

Google Instant-ek dakarren abantaila nagusia bilaketa azkarrago eta hobeak egitearena da. Beraien ustez 3,5 segundo gutxiago beharko ditugu bataz beste bilaketa bakoitzean iradokizun zehatzagoei esker. Erabiltzaile bakoitzeko ez dirudi asko, baina pentsa zenbat bilaketa egiten diren mundu osoan.

SEO

Google-ek bere bilatzailean zerbait aldatzen duen bakoitzean SEO-a, posizionamendua, hil egingo dela edota berau indartzen dela entzuten dugu. Oraingoan ere SEO-aren hileta iragarri dute zenbaitzuk. Denborak esango digu erabiltzaileak bere jokamoldea aldatuko duen eta SEO-arekin zer gertatuko den. Baina Google-eko Matt Cutts-en arabera erabiltzaileek bilatzen duten modua bera da aldatuko dena, bilaketa zuzenagoak (hitz gehiagorekin) egingo dituztelako.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.