Hauteskundeak eta sare sozialen erabilpena

2016/09/23
Astearte honetan bota dute ETB1en Politikariak Ekinean, Irailaren 25eko hauteskunde kanpainaren atzean dagoen lan ikusezinari begirada bat botatzen dion saioa, eta bertan agertu nintzen sare sozialen inguruan hizketan.

Sare sozialek balio digute alderdi zein hautagai baten inguruan komunitate bat sortu eta lantzeko. Bitartekaririk gabe komunikatzeko aukera ematen digute, azkar eta zuzen. Hautagaiek eta alderdiek sare sozialen zer nolako erabilpena egiten duten izan nuen aipagai. Erreportajean aipatzen nituen hainbat datu Umapen egindako hautagaien azterketatik ateratakoak dira, eta gaian sakontzeko interesa duen edonork han aurkituko ditu hainbat datu eta istorio.

Hemen klik eginda duzue ikusgai sare sozialen atala, eta hemen erreportaje osoa. Baina saioan irten ez den kontu bat aipatu nahiko nuke. Sare sozialek komunitatea sortu eta lantzeaz gain balio behar die alderdiei zalantzatiak haiengana erakartzeko.

Facebook sare sozial bat izateaz gain, publizitate segmentatua jartzeko plataforma bikaina da. Facebookek txukun-txukun apuntatzen du guk ematen dizkiogun datu guztiak: non eta noiz jaio ginen, zein den gure bizilekua, non ikasi genuen, zeintzuk diren gure kezka eta afizioak eta abar. Eta Facebookek guk emandako datu horiek erabiltzen ditu gu multzoka sailkatu eta iragarleei eskaintzeko, hau edozein dela ere, baita alderdi politiko bat ere.

Zentzu horretan, oso interesgarria da artikulu honetan kontatzen duten Espainiako ekainak 26ko hauteskundeetan PPk Facebooken jarraitutako estrategia. Haien helburua zen probintzia jakin batzuetan kolokan egon litezkeen parlamentuko besaulkiak eskuratzea, eta horretarako zalantzan zeuden herritarrak konbentzitu beharra zeukaten. Segmentazio teknikak erabiliz (webguneak egiteko prozesuan darabilgun marketing personas teknikaren antzekoak) hainbat xede-talde definitu zituzten eta Facebookek eskaintzen dituen publizitate-aukerak erabiliz herritar hauengana iritsi ziren, pertsonalizatutako iragarkiak erakutsiz.

Ez ahaztu. Sare sozialetan egiten dugunak lagundu behar digu hauteskundeak irabazten :-)

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.