Hiltzen ari al dira blogak?

2015/02/17
Mugikorrak aldatzen ari ei dira Interneteko informazioa kontsumitzeko daukagun modua. Geroz eta denbora gehiago pasatzen dugu aplikazioetan, nabigatzailearen kaltetan. Denbora gehiago joko eta sare sozialetan, gutxiago bilaketak egin eta webgune zein blogetan.

Gosaltzean egunkaria ikusi dut aurrena, nabigatzailean, eta ondoren Twitterren errepasoa egin. Hor ikusi dut Javier Hernandez adiskideak bota duen artikulu hau. Asko idatzi arren bere blogeko trafikoak ez duela gorantz egiten kexu den blogaria.

Bi arrazoi aipatzen ditu. Batetik, Google-ek bere emaitza orrian geroz eta garrantzia gutxiago ematen dio organikoki kokatzen den edukiari, bere eduki eta iragarkien mesedetan. Tira, bere etxea da eta nahi duena egiteko eskubidea dauka, bere negozioaren mesedetan. Euskaraz nabigatzean ez dugu horrenbeste igerriko, bai ordea erdaraz gabiltzanean.

Bigarren arrazoia, eta pixuskoena Marcoren ustez, mugikorra erabiltzeko moduan dago, hau da, aplikazioetara gehiago jotzen ei dugu nabigatzailera baino. Ikerketa honek %14an jartzen du nabigatzailearen erabilera mugikorretan, gainerakoa aplikazioak, direla jokoak, Facebook, Youtube edota Twitter.

Hau irakurrita baten batek esango du CodeSyntaxeko hauek erotu direla, aurrekoan sare sozialen aurka , Twitterrek goia jo duela eta oraingoan blogak (eta nabigatzaile bidezko kontsumoa) hiltzen. Ez bata eta ez bestea. Nago Mikel Iturriari entzun niola (berriz ere hemen bota du) sare sozialak taberna zirela eta blogak etxea. Sare sozialetan jardun beharra daukagu, baina etxea sendotuz.

Eduki interesgarria sortzen jarraitu behar dugu, eta hori ahalik eta modu gehienetan zabaltzen jarraitu. Sortu edukia. Zabaldu sare sozialetan, epostaz, app edo dena delakoetan.

Nork daki. Agian Marcoren blogaren bisitak jaitsi egin dira, bai, baina nork daki berak sorturiko edukien kontsumoa ez ote den igo?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.