Merezi du Facebook eta Twitterren lanean jarraitzeak?

2015/02/12
Sare sozialak edo eposta? Markak denbora eta dirua alferrik xahutzen ari direla dio Forresterren txosten batek

 

Forresterrek honela dio bere txostenean: "Utzi Facebook zure estrategiaren erdigune moduan erabiltzeari". Enpresa eta markek sare sozialetan egiten ari diren estrategiaz ari dira. (Eguneraketa 2017-8-28: txostena desagertu da saretik)

Duela gutxi Ogilvy-ren ikerketa batean aipatzen da Facebooken edukia jarri eta lantzen duten marka eta enpresek beraien erabiltzaileen %2-arengana bakarrik iristea lortzen dutela. Azkenaldian Facebooken estrategia izaten ari da ordainpeko publikazioei lehentasuna ematea eta doan publikatzen diren edukiek geroz eta indar gutxiago dute. Antzerako zerbait gertatzen ari da Twitterren, geroz eta publizitate gehiago ikusten ari gara eta erabiltzaileengana iristea geroz eta zailagoa da. Gure esperientziagatik badakigu gure txioak erabiltzaileen %15-30-ei iristen zaizkiela.

Eta zein da alternatiba? CodeSyntaxen estrategia birplanteatzen ari gara, eta FastCompany-k bezala eta ikusten ari gara agian jatorria indartzera itzuli behar dugula: eposta.

Duela gutxi gomendatu diogu Facebooken milaka jarraitzailetara iritsi den marka bati bere ahaleginak berbideratzeko, arrazoi hauek direla eta:

  • Erabiltzaileak Facebooken geldituko dira. Etorkizunean Facebook ordezkatuko duen beste asmakizun bat baldin badator (lehenago ere gertatu izan den moduan), zure jarraitzaile zerrenda han geldituko da.
  • Erabiltzaileen datubase horren "inbertsioa" etxetik kanpo egiten ari zara, ez zure etxean.
  • Facebooken ordaindu gabe idatzitako artikulu baten bisibilitate ertaina %2-an dago.
  • Bisibilitate ehuneko hau etengabe jeisten ari da.

Facebook bidez zure jarraitzaileen %2-arengana iritsiko zara, eposta erabiltzaileen %90-ari iristen zaio

Horregatik, une honetan bururatzen zaigun gomendioa hau da:

  • Sare sozialetan promozioa egiteko ekintza pasiboak jarri martxan. Adibidez Atsegin edo Jarrai gaitzazu botoiak edo RSS bidezko publikazio automatikoak, baina marketing ekintza handirik ez egin.
  • Ahaleginak eposta datubase on bat lortzera bideratu, erabiltzaile edo bezero posibleena.
  • Indartu kalitatezko erabiltzaile zerrenda bat lortzeko pausoak. Edonolako bidalketak egitea edo SPAMa zure kalterako izango da. Erabiltzaileak beraiek harpidetu daitezela, nahiz eta horrela gutxiago izan izena emango dutenak. (bide batez, hori da ia aukera legal bakarra!)
  • Harpidetzen diren erabiltzaileak mimatu eta zaindu. Erraztu harpidetza uztea eta ezetza esan badizute ez idatzi berriz ere.
  • Bidalketak egiteko erabili tresna profesional bat. Eposta bidezko kanpainak nola egin

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Gari Araolaza

Ingeniaria, proiektu zuzendaritza. Python, Whitesnake, Scrum, Yngwie Malmsteen.