Hiru agerralditan izango gara, kultura eta hedabide digitalez hizketan

2011/03/17
Datorren astean bi mahaingurutan eta beste jardunaldi batean egongo da presente CodeSyntax, gure lankide Luistxo Fernandezen bidez. Mahainguruetan sareko hedabideen kontuez jardungo du, enfoke desberdinekin, Sustatu.com-eko editore den heinean; eta jardunaldi batean, egile-eskubideak eta kultura-eskubideak izango dira gaia.

Asteartean, hilak 22, Seguran da zita, Kultur Etxean 19.30etan. Iparra/Hegoa jardunaldi sortaren parte izango da hau, eta bertan hizlari izango da Luistxo Fernandez, beste lagun hauekin: Mikel Etxeberria (RadioKultura), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Martxelo Otamendi (Berri). Goiburu hau jarri diote mahainguruari: "Zein etorkizun du paperezko prentsak. Sare sozialetan euskararen lekua".

Hurrengo egunean, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean (asteazkena 23, 16.30etan, Matteo Ricci eraikinean). Kazetaritza, Internet eta etorkizuna izango da goiburua eta Luistxo Sustatu-ren izenean egongo da. Harekin batera, Jon Ordoñez (Berriketan.info) eta Hasier Etxeberria (Zuzeu). Moderatzaile lanetan, berriz, Xan Harriague kazetaria izango da. Gizarte eta Giza Zientzien Komunikazio Sailak gonbidatuta egongo da Sustatu elkarketa horretan.

Baina egun berean (asteazkena 23), hori baino lehenago beste formatu batean egongo da hizketan Luistxo, Eskoriatzako Huhezi fakultatean, Komunikaldiak 2011 jardunaldian. Jardunaldiaren gaia da egile eskubideak. Goizez, aurkezpen hau eroango du Luistxo Fernadezek bertara: Eskubide digitalak: kultura eskubidea, sormen eskubidea, guraso eskubideak... Ondoren etorriko dira Ignacio Casado (Euskadiko SGAEko zuzendaria) eta David Bravo abokatu espainiar ezaguna (Jabetza Intelektualean eta Informatika zuzenbidean aditua). Arratsaldez mahainguru bat egongo da, MusikHerria, Bertsozale Elkartea, EIE eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen presentziarekin.

Interesa baduzue, 23ko jardunaldiak, streaming bidez emango dituzte sarean:

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.