HTTPS protokoloa, zure webgunea seguruagoa egin

2016/12/15
Begiratu zure nabigatzailearen barrari, apur bat gorago, webgune honetan. Ikusten duzu hor ageri den giltzarrapoa? Bertan klik egin eta "konexio segurua" mezua jasoko duzu (beheko irudian duzu adibidea, mahaigainekoan ezkerrean eta mugikorrean eskuinean). CodeSyntax.com webgunean HTTPS protokoloa darabilgulako ageri zaizu mezu hori. Badakizu zer den?
HTTPS ziurtagiria CodeSyntax.com webgunean mahaigaineko eta mugikorreko nabigatzaileetan

HTTPS ziurtagiria CodeSyntax.com webgunean mahaigaineko eta mugikorreko nabigatzaileetan

Bi komunikazio-protokolo bereizi behar ditugu: HTTP eta HTTPS . Labur-labur azalduta, HTTPk zifratu gabe bidaltzen du informazioa, eta HTTPSek zifratuta.

HTTP web zerbitzariaren eta web bezeroaren (nabigatzailearen, Firefox, Chrome, ...) arteko komunikazioa arautzen duen protokoloa da. HTTP eskaeretan zifratu gabe bidaltzen da informazioa. Demagun WiFi publiko bat erabiliz HTTP darabilen webgune batean erabiltzaile eta pasahitzarekin sartzen garela edota erosketa bat egin gure kreditu txartelarekin. WiFi berdinera konektatua dagoen pertsona abil batek, tresna aproposak erabiltzen (sareko trafikoa jasotzen duen bat sniffer bat, adibidez) zure erabiltzaile, pasahitz edota kreditu txartelaren datuak eskuratzeko gai izan daiteke.

HTTPS protokoloari esker zifratu egin ditzakegu web zerbitzariaren eta web bezeroaren arteko komunikazioak. Horrela, komunikazioaren lehen pausuan nabigatzaileak web zerbitzariari bere ziurtagiria eskatuko dio, eta ziurtagiri hori jatorrizko zerbitzariak bakarrik izan dezakeenez, hasieratik jakingo du komunikazioak balekoak diren edo ez. HTTPS protokoloa darabilten orriek giltzarrapo bat erakusten dute, goiburuko irudian adierazi dugun bezalakoa.

Zure webgunean erabiltzaile eta pasahitzak eskatzen badituzu, edota online denda bat bazara, HTTPS protokoloa erabiltzea komeni zaizu. Gaiaren inguruan informazioa behar baduzu, jarri gurekin harremanetan.

Google HTTPS protokoloa bultzatuz

HTTPS protokolo segurua gero eta webgune gehiagok darabilte. Wikipedian, Youtuben, Facebooken edota Twitterren topatuko dugu HTTPSren giltzarrapoa, banketxe edota online denda handiak ahaztu gabe.

Sustatun azaroko artikulu honetan jaso genuen bezala, Google HTTPS protokoloa bultzatzen ari da, HTTP darabilten webguneak ez-seguru bezala izendatzearekin. HTTPS-ren ezarpenaren jarraipena egiten du Googlek webgune honetan. Hor ikus ditzakegu webgune bisitatuenak zein egoeratan dauden, eta baita erabilpen-estatistika batzuk ere.

HTTPS zer den motzean

  • Zerbitzaria eta zure ordenagailuaren arteko konexioa ezkutukoa dela ziurtatzen du. Inork ezingo zaitu espiatu.
  • Gomendagarria webgune orokorretan, baina behar-beharrezkoa pasahitzekin eta erosketa sistemekin dabiltzan webguneentzat.
  • Googlek lehentasuna ematen die HTTPS darabilten webguneei.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.