Komunitatearen abantailak

2010/01/15
Interneten kamisetak saltzen dituen enpresa da Threadless. Erabiltzailea dago beren jardunaren erdi-erdian: erabiltzaileek egiten dituzte kamiseten diseinuak eta hauetatik bozka gehien jasotzen dituztenak ekoizten ditu Threadless-ek. Aukeratua izan den diseinuaren egileari 2.000$ ematen dizkiote.

Egunean 300 bat proposamen jasotzen dituzte eta astean 7 kamiseta argitaratu Threadless.com webgunean. 2009an 30 milioi dolarretako salmentak izan zituen 50 langileko enpresa honek.

Erabiltzailearen inplikazioa bilatzea funtsezkoa izan da. Batetik, merkatuak gustuko izango dituen kamisetak ekoizten dituztelako, erabiltzaileek diseinatu eta aukeratuak; eta bestetik, kamiseta horiek "bereagoak" ikusten dituztela erabiltzaileek, aukeraketa prozesuan parte-hartu dutelako.

Elkarrizketa honetan azaltzen dutenez sare sozialetan ere murgiltzen hasi dira. Facebook-en 100.000 fan inguru dituzte eta milioi eta erdi jarraitzaile Twitterren. Sare hauetan jarduteko moduari buruz, naturaltasuna aipatzen dute, egiten duten komunikazioa beraien moduko pertsonei zuzendua dago eta hazkunde organikoan sinisten dute.

Hona hemen beren komunitatearen indarraren adibide bat. Communist party izeneko kamiseta da beraiek gehien saldu dutena. Begira zenbat argazki dauden Flickr-en kamiseta horrekin, gehienak berau erosi duten pertsonek ateratakoak.

Hala ere, sare sozialen hazkundea baino lehenago ere bere komunitatearekin hitz egiteko jarrera zuen 2000. urtean sortutako enpresa honek. Bere jarduna erabiltzailean oinarrituta dagoenez, funtsezkoa da enpresaren eta erabiltzaileen artean elkarrizketak ematea, baita erabiltzaileen artean ere. Horri eta kamisetak sortzeko prozesuari esker, komunitate sendoa sortzea lortu dute, era natural eta organikoan hazten doan komunitatea.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.