Kontuz webguneko eduki zaharrak ezabatzearekin. 404 erroreak eta berbideraketak

2014/09/10
Gure webgunea mimoz zaindu nahi izaten dugu. Estetika landu. Edukiak pentsatu eta antolatu. Eta, halakoan, webgunea publikatzen dugu. Eta hortik urte batzuetara dena berregiten dugu. Diseinu eta eduki berriak; aurrekoa zakarrontzira.

Interneten jardun minimo bat izan dugun erakunde guztiok moldatu ditugu gure webguneak, sarri berau goitik behera berreginez. Halakoetan, garrantzia handiena ematen diogu diseinua edota edukiak berritzeari. Askotan webgunea kudeatzeko erreminta bera berritzen dugu, sektorean CMSa (eduki kudeatzailea) esaten dioguna, URL helbideei eraginez baita ere. Eta, zer egiten dugu ordura arteko eduki zaharrarekin? Dela orri estatikoa edota albistegia, sarriegitan zakarrontzira botatzen dugu. Akats larria.

Ia webgune gehienetan, Google da trafiko-iturri nagusia. Eta Google-ek gure eduki historikoa zein izan den ondo daki, hori da eta bilaketaren emaitza orrian erakusten duena. Sarri sartzen da gure webgunea arakatzera, eta bapatean edukia falta dela ikustea ez da bere gustukoa. Aurkitzen ez den orri horri 404 errorea esaten zaio.

Bestalde, litekeena da kanpoko webguneren batentzat gure eduki zahar hura interesgarria izatea eta bere sasoian esteka bat jarri izana. Beste webgune batzuetatik gurera estekak lortzea funtsezkoa da Google-eko posizionamendua hobetzeko. Baina eduki zaharra pikutara bidaltzen badugu eta esteka horrek existitzen ez den orri batera apuntatzen badu (404 errorea, deritzona) kontrako efektua du posizionamenduan, hau da, gure kalterako da.

Baina lasai, CMS on bat badaukazu, erraz konpondu daiteke eta. Bi pausotan: errorea identifikatu eta konpondu. Etengabeko konponketa lana da, tarteka egin beharko genukeena, eta Google-eko posizionamenduan eragin positiboa daukana.

Nola jakin zenbat 404 errore dauzkagun?

Google-ek berak ematen digu erreminta bikaina: Webmaster Tools. Bertan, beste hainbat daturekin batera, ikusiko dugu Google-ek aurkitu dituen 404 erroreak. Beheko irudi honetan ikus daiteke gure webgunearen adibidea:

Google Webmaster Tools

Eta hemen, berriz, nola ikusten den errore zehatz bat. Orri hori existituko zen bere sasoian:

404 errorea - Webmaster tools

Baina, nork arraio dauka esteka bat orri horretara? Hori ere ikus dezakegu:

Webmaster tools - estekak

404 erroreetan bada aldaera berezi bat, eta hori da baten batek orri zehatz baten helbidea gaizki idatzi duenean. Beheko adibidean ikus daiteke hori. Gure blogeko artikulu batera esteka jartzean gaizki jarri dute URL helbidea (amaieran "27" zenbakia gehituz):

Webmaster tools - esteka oker idatzita

Nola konpondu 404 erroreak

Konponketa erraza daukate 404 erroreek Plone bezalako eduki kudeatzaile aurreratuetan. Helbide oker bat dugunean, lehenbizi helbide zuzena zein izan behar zen identifikatu behar dugu. Eta, ondoren, gure eduki kudeatzaileari esan behar diogu: "aizu, URL oker hau eskatzen dizutenean, ekarri bisitaria orri honetara". Aliasak kudeatzea esaten zaio Plonen berbideraketa hauek egiteari. Begira hemen behean goian ikusi dugun errore baten aliasa nola sortzen dugun:

Alias kudeaketa Plone eduki kudeatzailean

Berbideraketa egin ostean, Webmaster Tools-en konpondutzat emango dugu akatsa. Egun batzuen buruan Google berriz sartuko da gure webgunean eta konturatuko da akatsa zuzendu dugula, eta, bide batez, gure webgunea zaindu eta mimatzen dugula, posizionamenduari positiboki eraginez. Esan moduan, lan hau tarteka egin beharra dago, akats berriak etengabe agertu daitezkeelako.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.