2026/01/07
Digitalizazioaren aroan murgilduta gaude, eta horrek ezagutza tekniko berriak eskatzen dizkigu. Zure proiektuak edo zure erakundeak online presentzia indartu behar badu, marketin digitalaren estrategiak hobeto ulertu nahi badituzu, edo besterik gabe, arlo digitalera hurbildu eta zure gaitasunak eguneratu nahi badituzu, CodeSyntax eta UEUren arteko lankidetzari esker, “Eraldaketa digitalerako gakoak: Marketin Digitala” ikastaro berria jarriko da martxan urtarrilaren 21an, online modalitatean, euskaraz eta ordutegi malguarekin.

Ikastaro honen helburuak zure marketin digitaleko gaitasunak garatzeko prestakuntza eguneratua eta erabilgarria eskaintzea da. 

  • SEO, SEM, sare sozialak, edukien marketina eta analitika bezalako oinarrizko kontzeptuak ezagutzea.

  • Estrategia digital eraginkorrak sortzeko eta aplikatzeko gaitasuna garatzea.

  • Kasu praktikoetan oinarritutako trebakuntza, eguneroko egoerak erantzuteko prestatzen zaituena.

  • Marketin digitaleko joera berriak eta etorkizuneko erronkak ulertzeko tresnak eskuratzea.

Zer ikasiko da? Eduki praktikoak, ikuspegi estrategikoa

Lau astetan zehar, eta aste bakoitzean ECTS bat baliokidea landuz (10 ordu), gai hauek jorratuko dira:

  • Marketin digitalaren oinarriak: kanal digitalak, bezeroaren bidaia eta estrategia.

  • Edukien sorkuntza eta komunitatearen kudeaketa: sare sozialak, KPIak, marka-errelatoa.

  • Web analitika eta datuen interpretazioa: SEO, SEM, ROI eta KPIen azterketa.

  • UX eta marketin pertsonalizatua: erabiltzailearen esperientzia hobetzeko teknikak.

  • Etorkizuneko joerak eta berrikuntza digitala: AI, teknologia disruptiboak, prospektiba.

Nola, nori zuzenduta, nork?

Ikastaroa UEUren Ikasgela Birtualaren bidez egingo da. Parte-hartzaileek euren ikaskuntza prozesua modu autonomoan antolatuko dute, baina taldeak izango dira erreferentzia: gaiak aldi berean landuko dira, elkarlanaren bidez.

Prestakuntza teoriko-praktikoa izango da, eta erronka digitaletan oinarritutako metodologia aktiboa erabiliko da: kasu errealak, taldeko proiektuak eta ebaluazio aplikatua.

Ikastaro hau marketin digitalean trebatu nahi duten profesional eta ikertzaileei zuzendua dago. Doktoregaiek prezio berezia izango dute. Teknologia, komunikazioa, estrategia digitala edo eduki-sorkuntzarekin lotura duten profilak bereziki egokiak dira.

Eneko Astigarraga eta Gari Araolaza, CodeSyntax-eko kideak, arduratuko dira prestakuntzaz. Biak ala biak esperientzia handiko profesionalak dira estrategia, marketin, analitika eta eduki digitalen sorkuntzan.

Ikastaroari buruz Enekori eginiko elkarrizketa interesgarria irakur dezakezu hemen: Eneko Astigarraga UEUren elkarrizketan

Zergatik parte hartu?

  • Zure profil profesionala indartuko duzu marketin digitalaren tresna eta estrategiekin.

  • Euskarazko prestakuntza espezializatuan parte hartuko duzu.

  • Adituen eskutik, kasu errealetan oinarritutako trebakuntza jasoko duzu.

  • Zure ezagutza digitala etorkizuneko erronkei egokitzeko moduan jarriko duzu.

Ikastaroaren xehetasunak eta izen-emateak UEUren webgunean aurkituko dituzu: Ikastaroaren fitxa eta matrikula

CodeSyntax-en konpromisoa digitalizazioarekin

CodeSyntax-en software librean oinarritzen dugu gure lana eta, adibidez Plone, Django eta Python bezalako teknologietan adituak gara. Bezero askori lagundu diegu beren digitalizazio prozesuetan, eta esperientzia horren zati bat UEUrekin partekatzeko aukera izatea ohore handia da guretzat. Uste dugu ezagutza partekatzea eta elkarlana direla eraldaketa digital arrakastatsuaren giltzarriak.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek