Mondragon Unibertsitatearen webgune berria, Plonerekin egina

2006/03/14
Mondragon Unibertsitatearen webgunea berritzeko lanean hasi da CodeSyntax. Mondragon.edu webgune berria software librean oinarritua dago, Plone edukiak kudeatzeko plataforman.

Elkarlaneko proiektu bat da hau. Vocento Mediatrader arduratuko da webgunearen diseinuaz eta edukiak hornitzeaz.

CodeSyntax-en ardura da berriz, plataforma antolatzea. Webgunea eduki murritz batzuekin hasi da, baina Plone azpiegiturak MCC taldearen unibertsitatearen gainerako adarrak bateratuko ditu aurrerantzean. Gaur egunean plataforma, itxura eta modulo desberdinetan dagoen MUren informazio guztia, eta berauen fakultateena ere, batu egingo da. Hori iritsi bitartean, MUren fakultateen webguneek piztuta segituko dute.

Diseinua eta teknologia

Webgune berriak diseinu garbia du, minimalista neurri batean, erabiltzailea sarreran bertan eroso senti dadin. Botoietan klik eginda, edo webgunearen mapan, iritsiko da berak nahi dituen edukietara. Oraingoz informazioa bi hizkuntzatan jasotzen du, euskaraz eta gaztelaniaz, baina aurrerago lau hizkuntzatan eskainiko du.

Webgunea kudeatzeko Plone izeneko CMS ahaltsu bat aukeratu da, alegia, edukiak kudeatzeko sistema bat, software librean oinarritua eta izen handikoa, munduan erakunde esanguratsuek darabilte-eta: gobernuak (Frantzia, Austria eta Brasil, kasu), gobernuz kanpoko erakundeak (Oxfam, Eliza Anglikanoa…) eta hainbat unibertsitate eta enpresa, hala nola eBay, Nokia eta Lufthansa. Ploneri esker informazioa erraz eta bizkor egunera daiteke, nabigatzaile huts batekin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.