Niagarank.es itxi beharrean gaude

2014/12/24
Zoritxarrez, atzo itxi behar izan genuen gure proiektuetariko bat: Niagarank. 2013 hasieratik martxan zegoen albistegi automatiko bat zen. Ez dakigu Jabetza Intelektualaren Lege berriak eta AEDE zergak nola eragingo dion Niagaranki eta segurtasun falta hori dela eta zerbitzua bertan behera uztea erabaki dugu.
Niaragankek zuen itxura itxi aurretik

Niaragankek zuen itxura itxi aurretik

2013an abian jarri genuen Niagarank.es webgunea itxi beharrean gaude urtarrilean aplikatzen hasiko den Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeak sortzen duen zalantzazko egoera dela eta.

Ez dakigu lege horrek nola eragin ahal digun. Ea diru-kopuru zehatz bat ordaindu beharko genukeen, eta, izatekotan, zenbatekoa litzatekeen ordaindu beharreko kopurua.

Niagarankek Twitterren ematen zen jarduna entzun eta eduki interesgarrienak eskaintzen zituen, modu automatikoan eguneratzen zen albistegi batean. Ikerketa eta garapen handia zegoen Niagaranken atzean. Eta orain, Espainian, ateak itxi beharrean gaude. Teknologia horren beste erabilpen pribatu batzuk, sare sozialetan zer esaten den jakiteko balio dutenak, indarrean daude oraindik, eta etorriko dira berriak, ziurrenik atzerrian.

Kosta zaigu erabakia hartzea, ez pentsa. Hamabost lagunek osatzen dugun enpresa bat da gurea, enpresa txikia, eta azken unera arte ez dugu erabakia hartu. Gure artean ez ginen ados jartzen. Iritzia eman diguten hainbat abokaturen artean ziurgabetasuna. Eta egoera horretan, oporren ateetan, di-da ixtea erabaki genuen.

Niagaranki ordu asko eskaini dizkiogu. Lan handia dago atzean. Erreminta ona sortu genuen. Eta amorrua ematen du lege zentzubako batek ixtera behartzen zaituenean. Atzoko eguerdi inguruan Niagaranken orri guztiak itxiera oharrera bideratu genituen, eta ohar hori bera blog honen gaztelaniazko bertsioan itsatsi genuen. Ez geneukan gehiagorako gogorik. Profil baxuko itxiera bat eman nahi genion, nahiz eta espero, eta desio, ez genuen oihartzuna izan zuen Twitterren.

Urtzi Urkizu kazetaria kexatu da gure enpresak atzo gaiari buruz bota zituen tuit guztiak gazteleraz izateagatik. Sentitzen dugu. Niagarank gazteleraz Espainiarako atera genuen, eta agurra merkatu horri bideratu diogu. Ondo esanak onartu eta esanbakoak barkatu. Lerro hauek bete dezatela hutsune hori.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.