OAI: Estandar ireki bat, Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntua

2004/12/03
Izenburu hau duen produktu-demostrazio eta aurkezpen-hitzaldia emango dute CodeSyntax-ek eta Deustuko Deli ikertaldeak, Durangoko Azokan, datorren asteartean, hilak 7, arratsaldeko 18.30etan. Hizlariak izango dira Josu Azpillaga, Codesyntax-eko I+G arduraduna, Luistxo Fernandez proiektu arduraduna, eta Joseba Abaitua Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Deustuko Unibertsitateko DELI taldearekin batera egindako ikerketa proiektu baten emaitza da. Emaitza erreala, demo funtzional bat, kasu honetan.

CodeSyntax eta Deli ikerketa taldearen artean OAC proiektuak eraman dute aurrera. Proiektuaren helburu nagusia katalogazio ajentea librea ikertu, diseinatu eta martxan ipintzea da.

Proiektua batez ere erabiltzaile eta sortzaile komunitateei edukien sorkuntza, eguneraketa eta kontsumo elkarlana bideratzeko zuzenduta dago, elkartrukaketarako protokolo eta katalogo irekien bitartez ( Open Archives )

Artxibo irekiak eta bereziki OAI estandar irekiak Interneten liburuen datuak libreki trukatzea bideratzen du eta Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntu izan daiteke...

Lan hau Saiotek (Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) ekimenak lagunduta egin dugu.

OAC proiektuaren emaitza etorri da, beraz:

  • ikerketa: OAI estandarra da jarraitu beharreko bidea, horixe ondorioztatu du lanak (nagusiki Deli-ko Garikoitz Etxeberriari eskertu behar zaio hau).
  • garapena: demostrazio tekniko bat, benetako datuekin, guztiz funtzionala, sarean laster eta Durangoko ekitaldi honetan hilaren 7an aurkeztuko duguna.

Zer da OAI?

OAI da ingelesez Open Archive Initiative, Artxibo Irekietarako Ekimena. Jakintza akademikoaren argitalpena, hedapena eta katalogazioa, Internet bidez nola egin; horren inguruan lan asko egin da, eta hauxe da emaitza. Erregistro bibliografikoen hedapen eta katalogaziorako tresna bat da, beraz, OAI. Baina liburuetako datuen trukerako baino askoz gehiagorako balio du honek: inplementazio desberdinek balio dezakete liburuak saltzeko, faksimil digitalak sarean jartzeko, artikulu akademikoen argitalpena, liburutegiko katalogo kontsulta...

Funtsean, Interneteko albiste eta informazio freskoaren zabalkundean RSS Feed-ak direna, OAI da liburu eta artikulugintzan.

Artikulu bat, datu eta irudi grafiko gehiagorekin argitaratu du Luistxo Fernandezek bere blogean. Era berean, OAI zer den azaltzen duen esteka mordoa kargatu dute DELIkoek beren wiki batean.

Demoa laster egongo da sarean martxan. Eta horretan benetako datuekin, laginekin, lagundu diguten zenbait lagun aipatu behar:

  • Badihardugu elkartea, Gaztelupeko Hotsak, Gerediaga elkartea, Inguma datubasea (UEU), Megadenda.com (Zabaltzen, Plazagunea eta Elkar), Armiarma proiektua (Susa), Lanbide Ekimena (hainbat erakunde), Deliren lanak... (Aurrerago, eskertza guztiak luzatuko ditugu, eta dokumentazioa argitaratu ere bai).

Lagin motak desberdinak dira:

  • Erreferentziak on-line dendetan (Hotsak, Megadenda.com)
  • Dokumentu original osoak sarean eskuragarri (Armiarma, Deli)
  • Erreferentzia bibliografiko-akademikoak (Inguma)
  • Liburuak, artikuluak, diskoak, literatura, dibulgazio teknikoa...

DURANGOKO AZOKA. EGITARAU OSOA

Abenduak 4

  • Sarrera hitzaldia. Agirreren eta Monzonen mendeurrena dela eta, ideologien bilakaera. Xabier Apaolaza. 12:30
  • Euskal Pen Klubaren aurkezpena. 18:00
  • Supertramps filmaren aurkezpena.19:00
  • Gauen argi emanaldia San Agustin Kultur Gunean. 04 Durangoko Argizaiola sariaren banaketa Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri. 20:30

Abenduak 5

  • Hitzaldia. Huntaz eta hartaz: errealitatearen eta ametsen geografia. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.12:30
  • Emanaldia. Kiko, Koko eta Moko pailazoak Plateruena Kafe Antzokian. 12:30
  • Hitzaldia. Lekuak Literaturan. Bernardo Atxaga. 18:00
  • Hitzaldia: Emakumea eta literatura aztergai. Bilgune Feminista. 19:00:

Abenduak 6

  • Aurkezpena. Euskal Herrian Euskarazek 25 urte. 11:30:
  • Hitzaldia. Irudimenaren gereizpean. Jesus Mari Olaizola Txiliku. 11:30
  • Hitzaldia. Tranbiaren leihotik begirada bat. Unai Elorriaga. 18:00:
  • Txistu kontzertua: Txistua XXI. mendean eskainiko du Berziztuk, Andra Mari Basilikan. 19:30
  • Kantaldia. Chillida-Lekutik San Agustin aretoan. Joserra Senperena, J. I. Ansorena, Jon Maia... 20:00

Abenduak 7

  • Aurkezpena. Joku Hezitzaileak bideojolas bilduma. 12:00
  • Hitzaldia. Pentagramaren geografia. Mikel Markez. 12:30
  • Mahai-ingurua. Euskal zinemaren egoera. J. B. Berasategi, EAB, Zuzendari Berrien Plataforma, Gidoigileen Elkartea. 17:30
  • Aurkezpena. OAI: estandar ireki bat, Interneten liburuen datuak libreki trukatzeko. Codesyntax, DELi taldea - Deustuko Unibertsitatea. 18:30
  • Kantaldia. Nafarroako kantu zaharrak. Hiru Truku San Agustin kulturgunean. 22:00

Abenduak 8

  • Omenaldi ekitaldia joandako lagunei. Harrizko herriko oroi harri biziak. 13:00
  • Mahai-ingurua: 25 urte eta gero... euskararen normalizaziorako erronkak. Gabi Basañez (EHE), Mertxe Mujika (AEK) eta Joan Mari Larrarte (EKT). 17:30
  • Egunero 11:30etan Ilargiaren sekretua filma San Agustin aretoan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.