PloneConf 2012

2012/10/16
Urriaren 9an hasi zen urteroko Plonelarien bilgunea: Plone Konferentzia. Aurten Holandako Arnhem hirian antolatu dute eta bertan bildu gara 400 plone-zale eta plonelari baino gehiago. Hona hemen ikusi eta ikasitakoaren laburpentxoa.
PloneConf 2012

PloneConf 2012

Hiri erdian kokatua dagoen Musis Sacrumen izan da aurtengo Plone konferentzia. Bertan egon gara Mikel Larreategi eta Lur Ibargutxi CodeSyntax ordezkatzen urtero bezala.

Urtero bezala, lehen egunean lagun eta ezagunak agurtu eta urtean zehar egindako eta garatutako proiektuen inguruko solasaldia izan genuen. Plonek dituen aukera berriak aztertu eta datozenen inguruan hitz egin genuen. Lehen eguneko eguraldi ona aprobetxatuz urteroko talde argazkia ere atera genuen.

Hitzaldietan jorratutakoetatik hauek izan ziren aipagarrienak:

Pyramid

Pyramid pythonerako beste web framework bat da, egun Pylons izeneko proiektuan integratuta dagoena. Bere helburua Zoperen oinarriak erabiliz framework arin bat sortzea da. Ez da bere helburua SQL, ZODB, No-SQL edo dena-delako datubaseak erabiltzea, baizik eta dauden tresnetako onenak hartu eta guztiak batzea. Plone CMSa erabiltzeko beharrik ez dagoen web aplikazioak garatzeko tresna indartsua da Pyramid, eta horrela erakusten du komunitatearen gehiengoak aukeratu izana Plone ez darabiltzen beste proiektu batzuk egiteko.

Deco, Deco Lite, Cover?

Hasierako helburua (orain dela 4 bat urte entzun genuen lehenengo Decori buruz) egungo Plonen ditugun "elementu-motak" ordezkatzea zen horretarako orrialdeen itxura erraz moldatzeko egitura eta modua sortuz. Horretarako, hainbat pakete sortu ziren eta hortik datoz hainbestetan entzun ditugun "Deco", "Tile", "Blocks" eta abarrak.

Hala ere, eta agian denbora beraren eraginez, orrialde konposatuak egiteko tresna hori Plone 4n dagoen hutsuneetako bat betetzera etorri da: aurreko Plone bertsio ia gehienek zituzten portada bereziak sortzeko produktuak, hala nola Composite Pack edo Collage.

Urteak daramatzate produktu hau garatzen baina aurtengo konferentzian eta ondorengo sprintetan azken ikutuak eman eta produkzioan erabiltzeko moduko bertsio bat ateratzekotan daude. Portada bereziak egiteaz aparte Ploneko edizio barran ere hainbat aldaketa proposatzen ditu hurrengo Plone bertsioetarako. Dena den, portadak egiteko beste produktu interesgarri bat ere ezagutu genuen, collective.cover. Lagunak ditugun Simples Consultoriakoak egindako produktu bat da eta egia esan produktu interesgarria iruditu zitzaigun, gainera hainbat webgunetan erabiltzen da jada eta fidagarritzat jo dezakegu. Bere estreinua, Venezuelako Telebistaren webgunean izan zen orain dela pare bat aste, hauteskunde gauean hain zuzen ere.

Lightning Talks

Bost minutu dituzu nahi duzunari buruz hitz egiteko. Bost minutuak pasatzen direnean gong baten soinuak publikoaren txaloak ekartzen ditu eta amaitu da zure denbora. Hain da formatu interesgarria, ezen aurten ere konferentziako momenturik interesgarrienetarikoa iruditu baitzizaigun. Bertan ikusi ditugu azken urte hauetan produktu, ideia, proiektu eta gai interesgarrienak. Hona hemen batzuk:

Minutu bateko katxea lurrikarei aurre egiteko

Dylan Jay australiarrak, Victoria Estatuko Emergentziei aurre egiteko zerbitzuaren webgunearen berri eman zigun. Webgune horrek %99.99ko disponibilitatea izan behar du (horrek urtean 4 bat minutuan bakarrik egon daitekeela geldi esan nahi du) eta lurrikara edo beste eraren bateko oinazeren bat dagoenean bisitatzen den lehenengoa izan ohi da Australiako Victoria estatuan. Ploneren katxe sistema konfiguratu zuten minutu bakarreko katxearekin (erabiltzaileei beti informazio freskoa eman behar baitzaie), eta horrela aguantatu zuen inolako arazo gabe iaz izandako ezbehar baten sortu zen trafiko guztia, Australiako gobernuaren webgunea erori zen artean.

collective.jekyll

Jekyll doktorearen lana egiten duen produktu honek zure atariko edukiaren inguruko informazioa ematen dizu: izenburu luzeegiak, id ezegokiak, guztiz maiuskulaz idatzitako testuak, ... Hyde jauna ez da Plone erabiltzera iritsi oraindik.

Bilaketa lausoa Plonen

Zenbat aldiz etorri ote zaigu ondo Googleren "Zera esan nahi zenuen?" aukera? Hori dakar Plonera Manabu Terada japoniarraren c2.search.fuzzy produktua.

460 GB fitxategi Plonera ekartzen

Syslab-eko gure lagunetako batek, Wolfgang Thomasek, Oracle datu-base baten zeuden 460 GB fitxategi Plone batera nola ekarri zituzten azaldu zuen. Horrelako fitxategi bolumenarekin probarik ere ia ezin da egin eta lan itzela izan zen, ala ere, datu migrazioa hitzaldia bezain azkarra izan zen, 5 minutuko epea amaitu aurretik jada txaloka geunden.

Amaitu urtea sprint baten, munduaren bukaeran

Maien (edo inken?) egutegiak munduaren amaiera 2012an izango dela aurreikusten omen du. Nola emango diogu bada orduan urteari amaiera munduaren bukaeran bertan baino hobeto? Franco Pellegrini argentinarrak "Munduaren Bukaerako Sprinta" antolatuko du Ushuaian (Argentina) 2012ko abenduan. Ah, eta publikoaren galdera bati erantzunez, ez da Falkland Uharteetatik hegaldirik egongo bertara. Oharra: sprinta ez da lasterketa bat, egun gutxitan zehar garapenean lan egiteko antolatutako lan-saio intentsiboa besterik ez.

Eta 2013an...

Badirudi 2013ko konferentzia Brasilian izango dela. Konferentzian bertan egin zuten aurkezpena eta ez dirudi leihakiderik izango duenik. Brasilgo gobernua Ploneren erabilera-adibide izan da urte askoan zehar (400dik gora Plone dituzte martxan) eta konferentzia antolatzea sari bikaina litzateke eurentzat.

Beraz hego-hemisferiorako bidaia prestatzen hasi beharko dugu. Eskatu dugu jada pasaporte berria!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Lur Ibargutxi

Plone garatzailea. Kirolaria balitz, arropa marka bat litzateke.