Ploneren 5.2 bertsioa argitaratu dute, Python 3n funtzionatzen duen lehengoa

2019/07/23
Beste hainbat berritasunen artean aurrera pauso garrantzitsua eman du Plonek asteburuan argitaratu den bertsio berrian: Python lengoaiaren 3. bertsioarekin funtzionatzen duen bertsioa da berri hau.
Ploneren 5.2 bertsioaren portadaren irudia

Ploneren 5.2 bertsioaren portadaren irudia

Jakina da 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera Python lengoaiaren 2 bertsioak ez duela eguneraketa zein konponketarik izango eta hori dela eta 2018ko martxoan Plone Python 3ra eguneratzeko proposamena aurkeztu zuen Philip Bauer garatzaileak.

Bidea, ordea, ez da erraza izan, besteak beste Zoperen eguneraketa bat ere eskatzen zuelako, Zope bera Python 3rekin bateragarri izan zedin. Bigarren proiektu honen nondik norakoak Michael Howitzek gidatu zituen eta bere blogean irakurri daitezke emandako pausoak.

Plone pythonen 3 bertsioan izatearen erronkak handiak izan dira: batetik produktuak python 2 zein python 3rekin funtzionatzeko helburua jarri zuten hasieratik horrela Ploneren bertsio zaharretatik migrazioa errazteko, bestetik Zopek hainbat urtean izan duen ezaugarrietako bat mantentzeko (web bidez kodea idazteko) Pythonen bertsio murritztu bat erabiltzen zen eta horrek funtzionatzeko aldaketa asko egin behar izan dira Python 2 eta 3ren arteko barne-ezberdintasunak direla-eta.

Ploneren bertsio berriak, gainera, beste hainbat ezaugarri berri ere badakartza, hala nola menu tolesgarrien konfigurazioa, helbide alternatiboen kudeaketa, REST APIa, login mekanismoaren eguneraketa eta beste hainbat. Prentsa oharra webgunea ofizialean irakurri dezakezu. Probarako webgune bat ere prest dago eta hantxe probatu dezakezu.

CodeSyntaxen ere Plone 5.2 berri honen aurre bertsioak probatzen ibili gara, eguneraketen hainbat proba eta euskara zein gaztelaniazko itzulpenak egiten lagundu dugu. Gainera berau erabiliz hainbat bezeroren webgune berriak egiten aritu gara azken hilabeteotan. Oraindik argitaratu gabe daude baina laster egingo dugu hori ere.

Ploneren bertsio berriaren inguruko informazioa edo zure webgune edo aplikazioaren eguneraketa aztertu nahi baduzu, jarri kontaktuan gurekin eta lagunduko zaitugu.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Larreategi

Plone garatzailea. Nazioarteko Xake Epailea #truestory