PyConEs 2015 bizipenen kronika

2015/12/01
Azaroaren 21etik 22rako asteburuan izan zen Python lenguaian programatzen dugunon inguruko Espainiako konferentzia Valentzian (PyConEs 2015). Ezin galdu beraz, ideia berriak hartu, gure lanak plazaratu eta gehiago ikasteko aukera hau. Gainera, aurten, iaz bezala CodeSyntax ekitaldi honen babeslea izan da.
Valentziara joandako gure lantaldea

Valentziara joandako gure lantaldea

Larunbat goizean ekin genion areto nagusian gauzatu zen Yamila Morenoren sarrerako "Python y Plutarco: el poder de una historia" hitzaldiarekin. Zer pentsatua eman zingun Python komunitatea eta aniztasunaren inguruan. Generoa, erlijioa, arraza... izan zituen ardatz. Funtsean pribilegio dunen eta ez dunen arteko desorekak komunitatean eragin ditzakeen kalteez hitz egin zuen. Python komunitate sano bat izateko, pribilegiodunek hauek ez dituztenei utzi behar dien lekuaz. Benetan interesgarria suertatu zitzaidan zinez.

Ondorengo hitzaldi zikloak berriz, hiru "track" ezberdinetan banatuta zeuden: basikoa, aurreratua eta zientifikoa. Gure 4 laguneko lagun taldea beraz, zatitu egin behar izan genuen ahalik eta hitzaldi interesgarri gehien ikusteko asmoz. Hitzaldi arteko kafe eta bazkal orduak aprobetxatzen genituen hurrengo hitzaldiak aztertu eta gure artean nora joan antolatzeko.

Hona hemen gu joan ginen eta interesgarriak iruditu zitzaizkigunetako batzuk:

Escalando una web con python

Ticketeako lan-taldeak beren webguneko trafikoari aurre egiteko hartutako neurri eta erabakien inguruko hitzaldi oso interesgarria eman zuen. Ez dago horretarako formula magikorik, baina jarraibide argi bat eman zuen: katxeatu ahal duzun guztia. 

Revisión de código en python

Cesar Cardenas Desales mexikarrak kodea birpasatzearen garrantzia azpimarratu zigun. Zure taldeko beste batek zuk egindako kodigo errepasatzean, akatsak murrizteaz gain, kodearen kalitatea hobetu eta zure jakituria zabaltzen laguntzen duela garbi utzi nahi izan zuen. Hau modu egokian nola egin erakutsi zigun, gure taldekideekin konfidantza mantentzeko eta enbarazu baino, onura bezala ikusteko. Lehen begiradan polizia lana ematen badu ere, epe ertainean taldea sendotzeko ezinbesteko tresna bihurtzen da.

1M tickets, 50 langs, 35 currencies: no database hits.

Jose Gargallok Ticketbis bilbotarren erabilpen-kasua aurkeztu zuen. Ticketbis ekitaldietarako sarreren salerosketarako bitartekari lana egiten duen webgunea da. Hitzaldi honetako harrigarriena guztia katxeatuta dutela da eta ataza asinkronoen bidez 10 minutuan webgunea ia-estatikoan sortzeko gai direla. Datu-baserako atzipen bakarrak erosketak egitean gertatzen dira. Aurkezpen benetan ona.

Python in the sky

Hitzaldi honetan David Arcosek Iberia Express hegaldi konpainiaren hegazkinetan jarri duten entretenimendu sistemaren ingurukoak azaldu zituen, hegazkinetan instalazio informatikoak egiteko dauden zailtasunak azalduz eta guztia off-line egin beharra azalduz. Djangon oinarritutako sistemaren gora-beherak azaldu ostean, laster hegazkin guztietan ikusiko ditugunak nolakoak diren ezagutu genituen.

Eta noski, horrez gain, guk ere jarri genuen gure aletxoa. Igandean bertan, bata bestearen atzetik eta hitzaldi basikoen gelan, Mikel Larreategiren  "Plone 5: el CMS del futuro, en el presente" eta nire "Como crear un bot para Telegram" aurkeztu genituen.

Hona hemen biak hurrenez hurren:

Plone 5: el CMS del futuro, en el presente

Mikel Larreategi PyConEs 2015

Argitaratu zenean idatzi genuen blogean Plone 5 berriari buruz. Hainbat urtetako garapenaren ostean, edukiak kudeatzeko sistema ahaltsu, sinple eta eleanitza aurkeztu zen irailaren bukaera aldean eta bere ezaugarriak azaltzeko hitzaldia eman genuen. Gainera Plone 5 Plone komunitatearentzako aukera bat izan behar da gure gaitasunak Django munduan zentratuta dagoen komunitate bati erakusteko.

Como crear un bot para Telegram

Errobotak modan dauden honetan, Telegram mezularitza zerbitzuak eskaintzen duen aukera hau azaldu nuen. Nola sortu errobot bat eta zertarako erabil daitekeen, benetako adibide batzuk erakutsiaz. Aurkezpenean erabili genuen botaren kodea Githuben jarri dugu edonork berrerabili ahal izateko.

Urtzi pycones15

Amaierako itxiera hitzaldiari ere aipamen berezia egin nahiko nioke. Izan ere Victor Terrón hizlari ezinhobea iruditu zitzaigun jada iaz Zaragozan, bada aurten ere hitzaldi oso ona eman zuen. 

Dijkstraren algoritmoa hizpide hartuta, algoritmoen konplexutasuna kalkulatzeko erabiltzen den sistemaren nondik-norakoak azaldu zituen, algoritmoa python-en nola inplementatzen den erakusteraino. Hortara iristeko ordenazio algoritmoen konplexutasunak edo "meta" datu-egituraren ingurukoak azaldu zituen. aurkezpena GitHub-en dago PDF formatuan, ea laster bideoa ikusteko aukera dugun.

Karrerako "Algoritmika" ikasgaiaren ordu-beteko laburpen interesgarri eta ulergarria izan zen zalantzarik gabe. Gai honi buruz gehiago jakiteko, UEUk PDF formatuan online jarrita daukan "Algoritmika" liburua irakurtzea gomendatzen dizugu.

Eta nola ez, guzti horrez gain, talde bezala ere harremanak indartzeko erabili genuen asteburu pasa hau. Ederra izan zen eta zaku bete ikasgairekin itzuli gara gainera. Hurren arte PyConEs!


Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Urtzi Odriozola

Python programatzailea 'Gamer' euskaltzale bat.