PySS 2015 jardunaldian babesle eta hizlari

2015/10/23
Gaur arratsaldean Donostian hasiko den Python lengoaia informatikoari buruzko konferentzian parte hartuko dugu, zenbait hitzaldirekin eta babesle gisa. Software libreko ekimenetan funtsezkoa da komunitatearen indarra, eta PySSek gure inguruko Python garatzaileen komunitatearekin hartu-emana sendotzeko lagunduko digu.

Hasiera-hasieratik etxe hau sortu zuten guruek Python lengoaiaren alde egin zuten. Hamabost urteren ostean hor darraigu, gure lan ia gehienak Python lengoaian eginez. Horregatik Pythonen komunitatea indartzea helburu duten jardunaldiak babesten ditugu. Iaz PyConES, eta aurten EuroPython, PySS eta PyConES.

Egitaraua

Donostiako Carlos Santamaria zentroan gaur hasi eta igandean amaituko den egitarauan hiru parte-hartze izango ditugu:

  • Aitzol Naberanek Mugikor baten apliazio baten backend-a sortzerakoan ikasitakoa hitzaldia emango du, Tribual eta Mugikaria aplikazioen garapenean ikasitakoa hizpide hartuta.
  • Nagore Ruiz de Escuderok Plone 5 bertsio berriaren inguruan hitz egingo du.
  • Urtzi Odriozolak Django eta Telegram bot-ak notifikazioa bidaltzeko zerbitzu gisa nola erabili azalduko du.

Irekita dago oraindik ere izen-ematea, animatu!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.