2020/06/23
Ekainaren 17tik 19ra online antolatu dute Python Web Conference 2020 delakoa. Egun jasaten ari garen osasun-krisia dela-eta bidaiatzea mugatuta izanda online egitea izan da aukera eta modu txukunean atera dute aurrera antolatzaileek.

Azkenaldian maiz ikusi dugu python lengoaiaren inguruko konferentzia eta hitzaldi asko datu-analisian oinarrituta zeudela. Horregatik web ingurunean pythonek duen presentzia indartu-asmoz hainbat konferentzia sortu dira, horien artean dago Python Web Conference hau edo iaz egin zen PyConWeb.

Antolaketari dagokionez, Slack tresna erabili genuen partehartzaileen arteko komunikazioa errazteko eta LoudSwarm izenekoaren bidez integratu ziren Zoom erabiliz egindako hitzaldiak, Slackeko elkarrizketak eta inkesta laburrak. Bertan ikusitako hitzaldi interesgarrienetako batzuen aipuak egingo ditut jarraian.

Python nahiz eta maila altuko lengoaia bat izan askotan ez dira maila altuko datu-motak erabiltzen ohiko programazio lanetan horrek ekarri ditzakeen onurak ekidinez. Horretarako hainbat aukera eskaintzen ditu pythonek, ala nola, enumerazioak, parametroen datu-motak edo datu-klaseak. Abstrakzioen gaineko hitzaldia oso interesgarria izan zen. 

Automata finituak djangon nola erabili azaldu zuen Six Feet Up enpresako garatzaile batek eta horretarako dauden hainbat aukera azaldu. Oinarri gisa django-fsm produktua erabili daiteke eta horrekin zure aplikazioak izan ditzakeen lan-fluxuak modelatu.

Django proiektuen hasierak-eta errazteko cookiecutter-django nola erabili azaldu zuen beste hizlari batek. Komunitateak landutako praktika onak jarraituz lan gutxirekin goi mailako django aplikazio baten konfigurazioa oso erraz egin daiteke berau erabiliz.

Pythonen Zen delakoa oso ezaguna da python garatzaileon artean. Python terminal bat zabaldu eta import this idatzita irakurri daiteke berau. Bertako aipu batzuk gure eguneroko talde-lanera nola ekarri azaldu zuen lantaldeen antolaketan aritzen den Adrienne Lowek.

Zope python 2tik 3ra migratzeko proiektua gidatu duen Michael Howitzek euren bezeroentzat egindako union.cms izeneko euren CMSa python 2tik python 3ra migratzeko prozesua azaldu zuen. Urte t'erdiko lanaren ostean ia milioi bat kode lerro zituen aplikazioa arrakastaz migratu dute python 3ra, eta bertan ikasitakoak azaldu zizkigun hitzaldi interesgarri baten.

Zalantzarik gabe pythonen oinarritutako web munduaren gaur egungo joerak ezagutzeko konferentzia oso interesgarria izan da aurtengoa.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek