Software eta Teknologia Librearen III. Euskal Mintegian izan gara Donostian

2016/11/18
Azaroaren 17an UEUk Talaiosekin batera Donostiako Tabakalerako Hirilabsen antolatutako Software eta Teknologia Librearen Mintegian izan ginen, komunitateak egiten duena ikasi eta gure esperientzia kontatzen.

Antolakuntzatik esanda 60 bat lagun elkartu ginen Hiriklabsen, eta jendea kanpoan geratu zen aforo kontuengatik.

Goizean 2 ordutako lau tailer izan ziren eta Aitzol eta biok guztietan egon ginen.

Jabi Luegok emandakoan, Aarduinoan oinarritutako plakekin praktikak egiten aritu ginen. Erabili genituen katxarritoen berezitasuna Wifi-dunak zirela zen, hortaz betiko ariketatxoez gain (ledak piztu eta itzali), sare bidezko adibideak egin genituen. Remotoki ledak piztu eta itzali web bidez, kanpo zerbitzuetara sentsoreen informazioa bidali... Oso dibertigarri eta interesgarria izan zen.

Bigarrenean guifi.net-i buruz ikasten egon ginen Maider Likonarekin. Internet heltzen ez den tokietara wifi bidez eramatea da elkartearen helburua. Horretarako sare libre eta ireki bat eraikiz. Azpiegiturak sortzen dituzte eta azpiegitura horien gainean zer egin, nork egin eta nola egin erabiltzaileen esku geratzen da. Guifi.net ezagutu nuenetik asko sendotu dela iruditu zitzaigun.

Testingari eta TDDari buruzko hitzaldia Ekaitz Astizek eman zuen, eta TDDaren oinarriak aurkeztu ondoren, ariketa bat proposatu zigun. TDDa erabiliz tenis partidu bateko markagailuaren funtzionamentua testeatzea. Han egindakoa GitHuben jarri dugu

Bigarren tailerra IXA taldeko Rodrigo Agerrik eman zuen eta bertan IXA pipes tresnaren erabilpena probatu genuen. Honekin testuen tokenizazio, lematizazio eta etiketatzea egiten da, gero nahi den lana egin ahal izateko. Eurek, esaterako, sentimenduen analisia aplikatzen diote, testu bateko hitzak zentzu positiboa ala negatiboa duten erakusteko.

Arratsaldean izan zen hitzaldi laburren txanda. 11 hitzaldi, printzipioz 10 minutukoak (uste dut inork ez zuela bete :) ), tartean Aitzol eta biok. Nik EITB Nahieranen APIari buruzko hitzaldia eman nuen, Aitzolek Ansible tresnari buruzkoa.

Hitzaldi labur interesgarri asko egon zen, bateron bat nabarmentzekotan, Ion Turrillasek E-commerce bat martxan jartzean kontuan izan beharreko legediaz emandakoa, Talaiosen aldi-bereko itzulpenetarako Interpress katxarroari buruzkoa eta Beñat Jimenezek Gitlab, gitlab-ci eta docker-en erabilpenari buruz emandakoak aipatuko genituzke.

Oso gustura itzuli ginen handik eta hurrengo edizioa noiz izango den jakitea desiatzen gaude.

Hemen UEUk prestatutako ekitaldiaren Storifya.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Larreategi

Plone garatzailea. Nazioarteko Xake Epailea #truestory