Spam-a Google Analytics-en nola garbitu

2015/09/10
Ia dena neurtu daiteke Interneten. Hori da bere ezaugarri eta abantailetako bat. Eta neurketa edo estatistika horiek erabiltzen ditugu erabakiak hartu eta gure webguneetan aldaketak egiteko orduan. Funtsezko da, hortaz, neurketak ahalik eta fidagarrienak izatea, eta jarraian azalduko dugun Spam mota honek datuak kakaztuko dizkigu. Jarraitu azalpen hauek zure webguneko estatistikak sinesgarriago bihurtzeko.

Gurean Google Analytics darabilgu webguneen trafikoa neurtzeko. Erreminta bikaina da. Beste hainbat metrikaren artean, bisitariak gure webgunera nondik datozen esaten digu: bilatzaile batean zer edo zer bilatuta, eposta buletinetik, sare sozialetatik edota beste webgune batetik.

Referer spam

Beste webguneetatik gurera etorritakoen (esteka batean klik egin duelako) datuak erakusten dituen atalean bitxikeriak ikusten badituzu litekeena da referer spam-a jasaten egotea.

Spam-a egiteko beste modu bat da hau. Bapatean, ezezagunak zaizkigun webguneetatik gero eta bisitari gehiago agertuko zaizkizu Analytics-en. Referer spam-en robotak erabiltzen dituzte haien webgunea gure estatistiketan agertzeko.

Zer lortu nahi dute spammerrek? Hainbat webgunek publiko egiten dituzte euren estatistikak eta, tartean, haietara trafikoa bidaltzen duten webguneak, esteka eta guzti. Ondorioz, spammerrak ere hor azalduko dira, haien Google-eko posizionamendua hobetuz. Bestalde, bixitak lor ditzakete (kuriositatez webgune horietan sartzen garelako) eta, agian, posizionamendua hobetu (estekak lortu ditzaketelako "begira zertan ari diren XXX webguneko hauek" estiloko artikuluekin).

SEO Spam referrer

Zergatik komeni da gure estatistikak garbitzea?

Bixita faltsuak dira, beraz, kontuan hartu behar ez ditugunak eta datuen analisian traba egiten digutenak. Gainera, sarri, robotek sortzen dituzten bixita hauek %100eko errebote tasa izaten dute, edota segundu bakarreko iraupena. Hori ere ez zaigu komeni. Azken batean, zure webguneko bisiten datuak handituko dizkizu (artifizialki puztu), baina gezurretako bisitak dira, robotenak, eta zure datuak lohitu besterik ez dizkizute egingo. Zaborra dira, eta garbitu egin behar dira.

Orain azalduko dizugu nola (Google Analyticsen).

Nola ezabatu Spam hau Google Analytics-etik

Iragazkien bidez ezabatzen da referer spam hau. Arreta berezia jarri behar da iragazkiekin, kontuz, gaizki eginez gero pikutara bidal ditzakegulako gure estatistikak (jarri gurekin harremanetan zalantzak badituzu).

Jarraitu ondorengo pausoak:

1. Sartu Administrazio atalean.

Admin - Google Analytics

2. Egin klik iragazkietan ("Filters" edota "Filtros").

Iragazkiak - Google Analytics

3. Gehitu iragazki berria.

Iragazki berria - Google Analytics

4. Iragazki motan pertsonalizatua ("Custom") aukeratuko dugu. Eta iragazteko erabiliko dugun eremuan trafikoaren jatorria ("Campaign source").

Custom filter - Google Analytics

5. Ondoren idatzi bertan Spam-a egiten digun webgunearen helbidea, adibide honen kasuan seo-platform.com, eta gorde.

Spam Google Analytics

Iragazki hauek 24 ordu inguru behar dituzte abian jartzeko, eta ez dute ezabatzen martxan jarri aurreko datu-sorta. Dena delako arrazoiarengatik datu iraganeko datu horiek gure estatistiketatik ezabatu nahi izanez gero baliabide aurreratuak beharko genituzke: segmentuak. Google Analytics-en spam webgune hauek kanpoan lagatzen dituen segmentu berri bat sortu dezakegu.

Segmentuak - Google Analytics

Tira, segi zure Google Analytics kontura eta begiratu ea referal spam-ik ote daukazun. Eta laguntzarik behar baduzu, jarri gurekin harremanetan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Mikel Lizarralde

Marketing arduraduna. Hobera egin du: lehen altzariak saltzen zituen.