Tokiko hedabideen aplikazioa

2016/03/08
Aste honetan Tokikom elkarteko lau kiderentzat egindako aplikazio mugikorrak aurkeztu ditugu: Anboto, Baleike, Erran eta Goiena. Android eta iOS bertsioak garatu ditugu eta dagoeneko jaitsi eta probatu daitezke.
Momentuan publikatutako lau aplikazioak

Momentuan publikatutako lau aplikazioak

Planteamendu bateratua

Tokikom plataformarekin 12 webgune desberdin garatu ditugu eta, aplikazioetarako ere antzeko planteamendu batekin abiatu gara: garapen bat egin eta, gero, hura egokitu marka eta tokiko hedabide konkretuaren beharretara. Batzuk atal gehiago dituzte, herri gehiago, kudeatzen dituzten zerbitzu desberdinak. Baina, funtsean, aplikazio berdinak dira.

Hedabide txikiotan, logikoa dirudi holako planteamendu bat egin eta aurrera eramaten saiatzeak: denak batera eginda ere inbertsio haundiak baitira webgunea, responsivea eta aplikazioak egin eta eguneratuta mantentzea. Talde haundiena ere txikiegia da, seguraski, bakarka holakoei eusteko.

Jaitsi eta probatzeko moduan daude, behintzat, lau aplikazioak Android eta iOS dendetan.

Hedabideen aplikazioak

Aplikazioen kontuan, galdera gehiago ere badaude airean. Zer nolako aplikazioa behar du --aplikaziorik behar badu-- hedabide batek? Eta, tokiko hedabide batek?

Zer bilatzen du erabiltzaileak hedabide baten aplikazioan? Zein dira joera nagusiak? Webgunea eta webgune horren bertsio mugikor egoki bat izanez gero (eta horiek izaten saiatzen gara, behintzat), zer 'plus' eskaini dezake aplikazio batek?

Hedabide haundienek martxan dituzte, noski, euren aplikazio propioak. Webgunearen bertsioak dira gehien gehienetan, eduki berdina beste modu batera kontsumitzeko eskaintza dutenak. Abiadura haundixeagoa dute, edukia deskargatu eta konexiorik gabe ere eskura izateko aukera batzuk, letra tamaina aldatu, bideoak eta argazkiak integratuago mugikorrarekin, irakurketa modu atseginagoa bilatu, faboritoen edo irakurtzekoen kudeaketa, pertsonalizazio apur bat kategoria edo gaien inguruan, eta abar. Baina, esango nuke, ez dutela webguneko eduki guztia eskaintzeko modurik egiten. Beti 'galtzen' da zerbait aplikazioan geratuz gero.

Gero, notifikazioak dituzte ia denek, noski. Breaking news.

Baina, erantzuna, esango nuke ez dela erraza. Zer 'benetako' plus eskaini dezake aplikazio batek?

Erantzuna garbi-garbi izan gabe ere, uste dugu aplikazioen munduan ere sartu beharra daukatela hedabideek. Eta, ez dagoela beste biderik. Garatu, probatu eta ondorioak atera. Washington Posten aplikazioan funtzionatzen duten gauza batzuk ez dute funtzionatuko Tokikoetan, eta alderantziz. Probatu gabe, ezin jakin. Bidea irekita dute batzuk --Goiena berak bazuen aurretik aplikazio bat, Aiaraldea, Irratien Uhinbat... -- eta lau aplikazio hauek bide horretan beste urrats bat ematera datoz. Ea noraino iristen garen.

Momentuko ezaugarriak

Lehen bertsioak dira aplikazio hauek. Ez dute tokiko hedabide hauek webgunean ematen duten eskaintza osoa ematen. Albistegi eta zerbitzu batzuk biltzetik hasi gara.

Albistegia da elementu garrantzitsuena. Albiste guztiak irakurri daitezke aplikaziotik bertatik, eta modu desberdinetara filtratzen dira: herriaren arabera, gaiaren arabera, eduki-motaren arabera (bideoak, galeriak, audioak...)... Zentzu horretan, filtraketa webgunean baino erosoagoa dela esan daiteke. Gero, albiste bakoitzaren detaile orria, eduki-motaren arabera moldatzen da. Bideoak modu batean erakusten dira, argazki galeriak beste batean, artikuluak eta bestelako edukiak... bakoitza bere formatuarekin. Diseinu garbi batekin, irakurketa erraza eta azkarra ahalbidetzea izan da asmoa.

Zerbitzuei dagokionez, webguneko batzuk sartu dira automatikoki aplikazioan ere. Hor dago agenda, zorion-agurrak, eguraldia, iragarki laburrak, eskelak... eta gida komertziala. Gida komertzial eroso bat egiten lan berezia egin da, bilatzaile bizkor bat inplementatuz, bilatu nahi duzun negozioaren izena idatzi ahala bere fitxa osoa eskainiko dizuna. Horrez gain, aplikazio batzuk zerbitzu bereziak ere badituzte: irratia zuzenean entzuteko aukera, webkamera, galderen atala, ...

Tokiko hedabideak direla kontuan hartuta, ordea, "menu" osoa herrien arabera filtratzeko modua eskaini nahi izan dugu. Albisteak, agenda, zorion-agurrak, gida komertziala.... eskualde osokoa, edo herri konkretu batekoa modu errazean aldatzeko modua eskainiz. Erabiltzaileak bere intereseko herriak gehitu ditzake menura eta, behin hori eginda, edozein eduki mota herri horren arabera filtratu.

Anboto app

Esan bezala, abiapuntu dira aplikazio hauek. Eguneraketa txikiak egongo dira hurrengo asteetan, eta eguneraketa haundiagoak ere etorriko dira, ondo bidean, laster.

Notifikazioak

Esan dugu, notifikazioak direla aplikazio mota hauen ezaugarri inportante bat. Tokiko aplikazio hauetan ere, izango dira. Eta erabiltzaileak zer motatako notifikazioak jaso nahi dituen konfiguratzeko modu minimo bat izango du: zer herritakoak, zer motatako notifikazioak... Izan ere, mota bat baino gehiagokoak aurreikusi dira: albisteak, agenda, hildakoak...

Goiena app notifikazioak

Baina, galdera da zenbat notifikazio bidali behar diren... Agendako ekitaldi bakoitzeko bonbardeatu behar dugu herritarra "gaur xxx", "gaur yyy" esanez? Badu horrek zentzurik? Albiste bakoitzeko Durangoko herritarrari "breaking news" bidali behar diogu? Albiste garrantzitsuenekin bakarrik? Zure herrian baten bat hiltzen denean, adibidez, abisua bidaltzeko modua dugu. Erabiltzaileak aktibatzen badu, bidaliko zaio. Baina notifikazioen maiztasunaren eta moduen inguruan ere proba desberdinak egin eta ikasi beharko da, puntu egokia bilatzeko.

Garapen teknikoa

Aplikazio hauek garatzeko Ionic Framework-a erabili da, Angular JS eta Apache Cordova erabiliko dituena mugikorren funtzionalitate natiboak martxan jartzeko. Aplikazioen itxura eta egitura eman ahal izateko CSS eta HTML5 erabili dugu.

Aplikazioek mugikorraren funtzionalitate natiboak erabiliko dituzte: edukia partekatzearena, push notifikazioak jasotzeko aukera, irudiak bidali formulario sinple batekin, ...

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Josu Azpillaga

Ingeniaria. Bertsolari txarra, bertsozale ona.