Tracken inguruko informazio zabalagoa eta argiagoa Mendiak Aplikazioan
Euskal Herriko mendi guztien inguruko informazio osatua ematea da Mendiak Aplikazioaren helburu nagusia. Euskal mendizaleei gure lurraldeko (eta inguruko) tontorren informazio argia eskaintzea, norbere igoerak markatzeko aukerarekin. Mendizale bakoitzaren igoera historikoak eta estatistikoak ere eskaintzen ditu Mendiak-ek.
Zerbitzu hori hobetze aldera, Mendien fitxetan txertatuta dauzkagun Tracken egitura eta bisualizazioa hobetu ditugu eta aste honetan egindako eguneraketaren ostean ikusgai daude Mendiak.eus webgunean eta Mendiak APPa instalatuta daukaten erabiltzaile guztien mugikorretan.
Orain arte mendi batera igotzeko ibilbide nagusia adierazten zuen Tracka erakusten genuen. Hemendik aurrera, track bakoitzak askoz argiago erakutsiko ditu ibilbide horren datuak, besteak beste, hasiera-puntua, ibilbidearen iraupena eta luzera. Mapetan ere garbiago adieraziko dira Trackak eta kolore ezberdinekin ikusaraziko ditugu. Eta Track bakoitzaren fitxa modal berri batean erakutsiko dugu, baita ibilbidearen gora-beherak marraztuz ere.
Hortaz, lehendik ere Mendiak aplikazioaren erabiltzaile bazara, eguneratu ezazu zure mugikorrean. Eta oraindik ez baduzu Mendiak APPa ezagutzen, oraintxe duzu aukera ezin hobea. Jaitsi eta probatu Mendiak.
2016ko udazkenean sortu genuen Mendiak webgunea eta APPa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 3.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilerraz bat eskaintzen die euren igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko. Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta.
Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzen du IKT eta euskalgintza deialdietan.

